Nakar donostiarren lehen kanta sarean da

Nakar taldeak bere lehen kanta kaleratu du, Gaztea irratiaren Behekaldea saioan egindako zuzenekoa: Nakar-nakar. Txillardegiren Leturiaren Egunkari Ezkutua eleberriko pasarte bat da kantaren letra.
Nakar postpunk elektronika proiektu berri bat da, hainbat proiektutan ibili diren artista donostiarrekin osatua, “bide berrien bila”. Proiektuaren abiapuntua Lasarteko Pogrom synth-punk taldearen kontzertua izan zela kontatzen du taldeak. Hor elkartu ziren Jone Laspiur aktore eta abeslaria (Koban, Nogen) eta Xalba Ramirez (Raitx, Koban, Physis Versus Nomos), eta proiektu berri bat abiatzea erabaki zuten Andoni Olaetxearekin (Pelax, Zozo, Burrundaria…) eta Jokin Azpiazurekin (OLOR, Occhi di Farfalla, PAM…).
Aurtengo Katapulta programan hautatuak izan dira, eta bertan honela azaltzen dute proiektua: “Elektronika eta soinu berriak ardatz, esperimentazioa bilatuko dute punk, techno, spoken word eta doinu ilunekin, garai ilunetarako ezin aproposagoak”.
Joan den astean egin zuten estreineko kontzertua eta hauek izango dira datozenak: Leitzako gaztetxean maiatzaren 6an, eta Tabakalerako Kutxa Kultur aretoan, maiatzaren 13an.