Zentro Sozialista berria ireki du mugimendu sozialistak Mundaiz kalean

Donostiako Kontseilu Sozialistak jakitera eman duenez, hainbat hilabetetik hona martxan du Mundaiz kaleko 4. zenbakian Zentro Sozialista berria.
Sukia eraikuntza enpresaren jabetza da, eta, salatu dutenez, hutsik eta erabilerarik gabe mantendu nahi du enpresa eraikin hori, “irabazi erraldoiak” emango dizkion “negozio baten zain”.
Espazio hori erabiltzen ari dira “klase independentzia ardatz duen” estrategia aurrera eramateko, hala nola, langileria antola dadin.
Azaldu dutenez, orain arte, Laneko Autodefentsa Sareak, Etxebizitza Sindikatuak, Itaia, GKSk eta Ikaslea Abertzaleek erabili dute espazio hau.
Espazioa jendarteratzeko, eta behar diren egokitzapenetarako auzolanera deitu dute datozen egunotan. Bihar, asteartean, aurkezpena egingo dute 18:00etan.
Apirilaren 7an, ostirala, kontzertu akustikoa egingo dute espazioak duen terrazan, eta datorren ostegunean Jose Antonio Egidok hitzaldia egingo du gazteleraz, Euskal Nazio Askapen Mugimenduak NATOri buruz izandako jarreraren inguruan.