Larrotxene apirilaren 11n irekiko dute berriz
Eraikin irisgarriagoa egiteko eta Larrotxene Bideo eremua txukundu eta berritzeko lanak direla eta, itxita egon da joan den udatik.

Larrotxene kultur etxean hobekuntza lanak egin dituzte. Guztira 950.000 euroko inbertsioa egin dute, eta berritze lanek bederatzi hilabeteko iraupena izan dute. “Nahitaezko” hobekuntza lanak izan dira. Igogailu bat jarri dute, komunak berritu eta kultur etxean zeuden bestelako traba arkitektonikoak kendu dituzte. Gainera, Larrotxene Bideo zerbitzuko instalazioak eta ikus-entzunezko ekipoak berritu dira.
Asteartean irekiko dute berriz eraikina, eta kultur etxeko zerbitzuak martxan izango dira berriz. Izan ere, lanak egiten aritu diren bitartean, jarduera batzuk Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartearen egoitzan egin dira, eta beste batzuk, hala nola liburutegia eta Larrotxene Bideoren prestakuntza-eskaintza, lanen aholkularitza eta beste batzuk Intxaurrondo kultur etxean eskaini dira. Pazko astean itzuliko dira beste eraikinetan sakabanatutako jarduerak. Halere, kultur etxeak irailean berreskuratuko du bere ohiko jarduera bere osotasunean, hurrengo ikasturtearen hasierarekin batera.