Bi urtean LGTBI kolektiboaren aurkako 37 salaketa izan dira Donostian
Donostiako Udalak LGTBI kolektiboaren aurkako erasoen inguruko txostena egin du lehen aldiz.

Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotzi Ane Oiarbidek 2021. eta 2022. urteetan Donostian egin ziren LGTBI kolektiboaren aurkako erasoen inguru txostena aurkeztu du. Udaltzaingoak, LGTBI+en Euskal Behatokiak, Ertzaintzak, Berdinduk, Gehituk, Erabereanek, Donostiako Berdintasun Sailak eta zenbait komunikabidek argitaratutako datuetan oinarritu dute txostena.
Halere, zinegotziak ohartarazi du eraso asko ez direla salatzen, eta ziur txostenean baino askoz eraso gehiago izan direla.
Zinegotziaren ustez, bildutako informazioa tresna baliagarria da LGTBI+ politiketan beste eragile eta kolektibo batzuekin batera aurrera egin ahal izateko. Txostenak erakusten duenez, 19 salaketa izan ziren 2021ean, eta 18 2022an. Azken bi urtean 37 salaketa guztira.Salaketen %60,5 homofoboak izan direla zehaztu dute, eta transfobiarekin lotutakoak %26,3. Salaketetan hitzez egindako erasoak dira nagusi, salaketa guztien erdiak. Eraso fisikoak ere izan dira (%29) eta mehatxuak (%23,7), eta diskriminazioak ere bai (%21,1).
Txostenak erakusten du erasoen %62 gizonek eragin dituztela, eta ia %10 taldean egin direla. Erasoen %8 emakumeek eragindakoak izan dira. Erasoak sufritu dituztenen %74 gizonak izan dira, %12 emakumeak eta %5,4 identitate disidentea dutenak. Banaka zein bikoteka egin zaie eraso.
Udan eta otsailean gertatu dira eraso gehien, eta erasoak izan diren lekuei erreparatuz gero, txostenak dio kasuen erdiak zerbitzu eta gune publikoetan izan direla (20 kasu). Ondoren, dendetan eta tabernetan, eta etxean erasoen %16 gertatu dira.