Uliako merenderoa adjudikatzeko lehiaketara deitu dute

2011n berritze lanak egin zituzten Uliako merenderoan, Basollua ehiza elkartearen egoitza zaharrean. Itxura berrituarekin berriz martxan jarri zuten taberna eta jatetxea. Ordea, merenderoa ustiatzeko baimena zuen enpresak ezin izan du udalaren kanona ordaindu, eta jada lau urte darama itxita tiro eremu izandako lekuak. 76.000 euroko zorra pilatu du. Eremua kudeatzen ari den enpresak uko egin dio udalarekin zuen kontratuari, eta beraz, Donostiako Udalak Uliako merenderoa adjudikatzeko lehiaketara deitu du.
Eraikina udal parkearen barruan dago, eta udal titulartasuneko jabari eta zerbitzu publikoko ondasun bat da. Guztira 261, 50 metro koadroko azalera eraikia du. Kafetegi eta merendero moduan erabili beharko du kudeatzaile berriak, eta egokitzapen lanak egiteko 89.744 euroko gutxieneko inbertsioa egin beharko du. Emakida 10 urterako emango da, eta bi aldeek hala adostuz gero, urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez ere 5 urtez.