Larrotxene zabalduko dute berriz, bederatzi hilabeteko lanen ostean
Larrotxene kultur etxea gaur zabalduko dute berriz, bederatzi hilabete iraun duten obren ondoren. Kultur etxearen irisgarritasuna egokitu eta Larrotxene Bideo eremuko ekipoak eta instalazioak berritu dituzte lan horien bidez. 950.000 euroko aurrekontua izan dute obra horiek.
Irisgarritasuna hobetzeko, igogailu bat eraiki dute, komunak eraberritu dituzte eta eraikinaren barruko arkitektura oztopoak konpondu dituzte. Horrez gain, ikus-entzunezko instalazioak eta ekipoak berritu dituzte.
Larrotxene iazko uztailaren 29an itxi zuten, eta orain arte IZBE elkartearen lokalera lekualdatu dituzte bertako hainbat jarduera. Larrotxene Bideoko jarduerak, aldiz, Intxaurrondo kultur etxean egin dituzte denbora horretan zehar.
Nahiz eta Larrotxene gaur zabalduko duten, kultur etxeak irailetik aurrera berreskuratuko du bere ohiko jarduera, ikasturte berriarekin batera.