Parte Zaharrean Bizik turista taldeentzako praktika onen dekalogoaren idazketan parte hartu nahi du
Donostiako Udalak iazko azaroan jakinarazi zuen turista taldeentzako praktika onen dekalogoa lantzen ari zela, turistentzako bisita gidatuak jasangarriak izan daitezen. Ordea, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salatu du ordutik ez dutela horri buruzko ezer jakin: “Ez dakigu dekalogo hori idatzi den, ez baitugu berririk izan. Era berean, adierazi zuen egiten ari zen dekalogoa Donostia Turismoa erakundeari lotutako tokiko turismo zerbitzuen gida eta enpresekin batera lantzen ari zela. Horiekin batera, ez al genuke parte hartu behar auzoan bizi garenok iritzia emanez, ekarpenak eginez eta baloratuz, zuzenean jarduera turistiko horren ondorioak ezagutzen ditugunak, hain zuzen?”.
Azaldu dutenez, turista taldeek “eragozpenak” sortzen dizkiete egunerokoan Parte Zaharreko bizilagunei: “Parte Zaharreko kale estuetan turista asko zirkulatzeak eragozpenak sortzen dizkigu auzoan bizi garenoi, sortutako zaratarekin eta zirkulatzeko oztopoekin zerikusia duten deserosotasunak, gure eguneroko zereginean ibiltzeko eragozpenak. Eragozpenak areagotzen dira taldeetan sartzen direnean eta kale bidegurutzeetako joan-etorria mozten dutenean. Gidariak geldialdiak egiten ditu, eta entzuleek bidea oztopatzen dute, gupidarik gabe”.
Halaber, gogorarazi dute turista talde handiak ibiltzen direla auzotik: “Besteak beste, talde turistikoen gehieneko pertsona kopurua mugatuko zela adierazi zuen udalak. Ez dakigu dekalogo hori idatzi den, ez baitugu berririk izan. Aldiz, ikusten dugu talde handiak (25 pertsonakoak baino handiagoak) auzoan sartzen jarraitzen dutela”. “Badirudi dekalogo horrek gomendioak emango dituela eta ez dela nahitaezkoa izango. Okerreko ikuspegia. Aurtengo martxoaren 1etik aurrera, udaleko alkatetzaren dekretu bat dago indarrean Bartzelonan, Ciutat Vella barrutian, helburu turistikoa duten talde gidatuen jarduera kontrolatzeko. Dekretu horretan mugak derrigortzen dira: gehienez hogei pertsona egongo dira, geralekuak zein puntutan egin ahal izango diren eta leku horietan aldi berean egon ahal izango diren taldeak; halaber, horiek betetzen direla kontrolatzeaz arduratuko diren agenteak ere egongo dira, eta zigorra ezarriko zaie betetzen ez dutenei. Apirilean gaude jada eta, agian, Donostiako Udalaren gobernu taldeari lagungarria gerta dakioke”, gehitu dute.