Urumea ibaia ezagutzeko programa jarriko du martxan udalak
Donostiako Udalak eta Cristina Enea Fundazioak programa bat jarriko dute abian, herritarrek Urumea ibaia ezagutu dezaten. Programa maiatzetik urrira bitartean gauzatuko da, eta bisitak egingo dira ibaiaren ibilguan zehar, ontzian, kanoan, bizikletaz edo oinez. Bidaiariekin batera, gidari aditu batzuk joango dira beti, Urumeari buruzko informazioa emateko: historia, ibaiaren dinamikak, fauna eta flora, eta beste.
Ekimena osatzeko, Urumeari buruzko bi film dokumental proiektatuko dituzte, eta bi bisita gidatu egingo dira hiriko urak kudeatzeko erabiltzen diren azpiegituretara, ekaitz tangetara.
Jaitsiera kanoan
Abiapuntua Loiolan izango da, Latsarien plazan, Urumearen ibaiertzean. Ibaia jaitsiko dute, ontzi batean; eta orotara, bi orduko ibilbidea egingo dute. Jarduera horrek Urumearen uretan ibiltzeko aukera emango du, arraunean, ibilguak izan dituen aldaketak ezagutuz.
Txangoa bizikletaz
Bost orduko ibilbidea egingo dute, Urumearen ibilguaren paraleloan, iraganeko eta oraingo industria mugarri garrantzitsuenak komentatuz. Txango hau egiteko, bizikleta ondo menderatu behar da, nahiz eta bidegorrietatik joango diren eta ibilbidea ia laua den.
Urumeako fauna eta flora
Mareen fluxuak eta gazitasunean, tenperaturan eta oxigenoaren kontzentrazioan izaten diren bat- bateko aldaketek ibaiaren ingurunea aldakorra izatea eragiten dute, eta han bizi diren flora eta fauna baldintza horietara egokituta daude. Ekosistema hori hobeto ezagutu eta ulertzeko, bisita gidatuak egingo dituzte, oinez. Hiru ordu iraungo dute, eta, ibilaldian zehar, fauna eta flora espezie ugari aurrez aurre ikusi eta zehatz mehatz ezagutuko dituzte.
Dokumentalak eta solasaldia
Ni, Urumea dokumentalean, ibaiak lehen pertsonan hitz egiten du bere ur goraldiez, bere dibertsitate biologikoaz, jasan behar izaten dituen erasoez eta, batez ere, historian zehar ibaiertzeko populazioarekin izan dituen harremanez. Proiekzioa Donostiako Cristina Enea parkean izango da, Ingurumen Baliabideen Etxean, maiatzaren 18an, 19:00etan.
Urak dakarrena dokumentalari dagokionez, Urumea ibaia ibaiertzean desagertzen den auzo baten lekuko isila da; denetik ikusi du: suntsipena, eraikuntza, erorikoak eta berpizkundeak. Proiekzioa Donostiako Cristina Enea parkean izango da, Ingurumen Baliabideen Etxean, ekainaren 15ean, 19:00etan.
Ekaitz tangak ezagutzeko bisita gidatua bi egunetan egingo dute apirilaren 23an (gaztelaniaz) 11:30etik 13:30era, eta maiatzaren 7an (euskaraz) ordutegi berean.
Jarduera horietan parte hartzeko lekuak egongo direla eta erreserbak egin ahal izango direla bermatzeko, Cristina Enea Fundazioak fidantza-sistema bat ezarri du, agenda honetako ekintza jakin batzuetan parte hartu nahi dutenentzat. Fidantza hori itzuli egingo zaie parte hartzaileei, jardueraren amaieran.
Jarduera guztien egunak eta ordutegiak Donostiako Udalaren webgunean kontsultatu daitezke.