Astiñene baserriko jabeei isun gehiago jartzea aztertzen ari dira, eraikina mantendu dezaten
Donostiako Udala aztertzen ari da Astiñene baserriko jabeei isun gehiago jartzeko aukera, udal araudia bete eta baserria mantendu dezaten, Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratutako informazioaren arabera. Hiriko eraikin zaharrenetarikoa da (1600-1650 urteen artekoa Ancora elkartearen arabera) eta babestuta dago Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian, C kategoriarekin. Ordea, egoera txarrean dago, eta mantentze lanak behar ditu, zutik jarraitu dezan.
Jabeek, aldiz, ez dituzte beharrezko lanak egin, eta udalak denbora darama jabetzarekin tirabiran. Hain zuzen ere, aipatu hedabidearen informazioaren arabera, udalak dagoeneko hainbat isun jarri dizkie jabeei, guztira 11.000 euroko balioarekin. 1811n, Torrealtako kondeena izan zen baserria, eta, geroztik, euren ondorengoena da jabetza.
Urtarrilean, Eneko Goia alkateak azaldu zuen jabeekin berriz ere hitz egiteko asmoa zuela udalak, argitzeko zein den baserriarekiko duten asmoa: “Erortzeko arriskua izan dezake. Azken muturrean, udalari egokituko litzaioke modu subsidiarioan konponketa horiek egitea. Gero jabetzari eskatuz, eskatu beharrekoa”.