Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Marixol Iparragirreren beste absoluzio bat
Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Marixol Iparragirreren beste absoluzio bat, 1997ko uztailaren 21ean Oviedoko (Asturias, Espainia) polizia etxe baten aurka egindako atentatu baten harira. Auzitegiak Audientzia Nazionalaren epaian “motibazio-arrakala handiak” ikusten dituenez, beste bat emateko agindua eman du.
Naiz hedabideak azaldu duenez, Zigor Arloko Salak onartu egin du fiskaltzak 2021eko urtarrilaren 21ean emandako epaiaren aurka jarritako errekurtsoa, “koherentziarik eza” antzeman baitu epai horretan. Hori dela eta, kasua epaitu zuen auzitegiari agindu dio epai berria eman dezala, lehen erabakitik kanpo utzi zituen frogak baloratuz.
Guardia Zibilak gertakariei buruz egindako txostena da, eta baita Kepa Arronategik egindako deklarazioa ere, zeina atentatu beragatik kondenatu baitzuten. Auzitegi Nazionalak baztertu egin zuen Arronategiren testigantza, froga gisa, “lekukoaren atxiloketaren inguruabarrak, inkomunikatutako atxiloketaren denboran konfiantzazko abokatua izendatzeko ezintasuna eta polizia bulegoetan jasan zituen mehatxuak” zirela eta. Oviedoko atentatuaren epaiketan, Iparragirrek akusazioak baztertu eta gatazkaren absoluzio bidezkoa aldarrikatu zuen.