Ekainaren 16an itxiko dute Koldo Mitxelena, 2025era arte
Koldo Mitxelena Kulturunea ekainaren 16an itxiko dute, eraikinaren berritze lanak egiteko. Lan horiek 21 hilabetez luzatuko direla aurreikusten dute, eta Koldo Mitxelena Kulturunea 2025ean zabalduko dute berriz, printzipioz. Lanek 8.400.000 euroko aurrekontua dute.
Obrak egiten diren bitartean, liburuak mailegatzeko zerbitzua Komikigunera eramango da, Errege Katolikoen kalera; eta jarduera aretoaren programazioa Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan egingo da. Liburutegiko zerbitzu teknikoak, ikertzaileentzako arreta eta infoteka Villa Asuncionera eramango dira, Mirakruz Gainera, eta funts historikoa eta ondarezkoa Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan egongo dira, baina ikertzaileek dokumentuak eskatu ahal izango dituzte.
Informazio guztia Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean dago eskuragarri.