'Gurea Donostia da' izango da PPren leloa udal hauteskundeetan
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu du PPk asteazken goizean, Egian, Borja Corominas alkategaiaren hitzetan, “herritarren babes handiena izan ohi dutenek gehien abandonatutako auzoetako batean”. PPren udal taldearen egungo bozeramaileak gaineratu duenez, “betikoak funtzionatzen ez badu, betikoengan konfiantza izateari uzteko unea da”.
Hauteskunde kanpainan erabiliko duten leloa ere aurkeztu du PPk: Lo nuestro es San Sebastián. Gurea Donostia da. Halaber, zerrendan Corominasen azpitik joango diren 26 hautagaiak ere aurkeztu dituzte. Corominasen ondoren, Jorge Mota, Vanesaa Velez, Tomas Pascua, Maria Manrique, Guillermo Sanchez-Berra eta Iñigo Martinez doaz zerrendan, besteak beste. Gaur egun, hiru zinegotzi ditu alderdi popularrak udalean, eta azken inkesten arabera, baliteke soilik bi zinegotzi lortzea maiatzeko udal hauteskundeetan.
Corominasek nabarmendu du kanpainaren leloak talde lanaren ideia sinbolizatu nahi duela, “soilik Donostiaren interesak defendatzeko”. Halaber, esan du bere zerrenda dela “onena”: “Hiriarekin konprometitutako emakume eta gizonak, hiria maite duten donostiarrak, ibilbide profesional oso kualifikatuak dituztenak, etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta kudeatzeko gai direnak”.
Bestalde, adierazi du alkatetzara helduz gero, “merezi dugun Donostia izateko” lan egingo dutela, baina bestela ere “oposiziotik” lan egiten jarraituko dutela, “ilusio berarekin”. Corominasek, bere sare sozialetan, nabarmendu du bere proiektua “txuri-urdina” dela, “beste ezeren gainetik”, proposamen politikorik egin gabe. Halaber, kanpainako bideoa ere argitaratu du.
Hoy he presentado nuestro proyecto para San Sebastián.
— Borja Corominas (@BorjaCorominas) April 12, 2023
Un proyecto, por encima de todo, txuri urdin.#LoNuestroEsSanSebastian #GureaDonostiaDa pic.twitter.com/xxcnYnuEQY