Ibiltariaren Asteak lau hitzordu izango ditu Intxaurrondon, apirilaren 24tik 28ra
Intxaurrondoko Ibiltariaren Asteak 29. edizioa beteko du aurten, eta lau hitzordu izango ditu Intxaurrondo Kultur Etxean. Haizalde elkartearekin batera antolatutako hitzaldiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Lehen aurkezpena hilaren 24an, astelehenean, Juan Manuel Sotillosek egingo du Con la fuerza del viento izenburupean eta Sos Artic Trineo de Viento 2022 espedizioari buruz arituko da.
Asteazkenean, hilak 26an, Maialen Lopezek eta Iñaki Goikoetxeak Hego Amerikan zehar euskaldunei buruzko istorioak bilduz egindako 30.000 kilometroko bidaia kontatuko dute: Hemen gaude, euskaldunon urratsetan.
Ostegunean, hilak 27an, Peio Garcia Amianok, Zaporeak elkartearen sortzaileak, egitasmoaren misioaz, ibilbideaz eta erronkez hitz egingo du.
Ibiltariaren Astea apirilaren 28an amaituko da, ostiralean, kontzertua eta proiekzioak uztartzen dituen Pato Mikeleiz nafarraren En furgo al Himalaya aurkezpenarekin. Bertan, Oreka Tx taldeko Harkaitz Martinezen laguntza berezia izango du.