Medikuak falta dira Donostialdeko ESIko etengabeko arretako bost gunetan
Medikurik ez dagoela eta, erizainak ari dira pertsonak artatzen Donostialdeko ESIko Etengabeko Arretako bost Gunetan (EAG). Noticias de Gipuzkoa hedabideak azaldu duenez, opor egunak direla eta, arazoak izaten ari dira mediku faltari aurre egiteko. Donostian, Bengoetxea kaleko EAGan eta Grosen ari dira arazo hori pairatzen, eta Gipuzkoan, Hernanin, Zarautzen eta Errenterian.
Aipaturiko hedabidearen arabera, Donostian sendagilerik ez egoteak Groseko EAGri eragingo dio, larunbatean, apirilaren 15ean, 09:00etatik 21:00etara; eta Bengoetxea kalean, larunbatetik iganderako gauean, 21:00etatik 09:00etara. Txanda horietan, erizainek ordezkatuko dituzte medikuen lanpostuak.
OPA herri plataformaren salaketa
OPA herri plataformak koordinakundean bildutako herri plataformek, hainbat erakunde sozial eta sindikalekin batera, manifestazioa antolatu dute apirilaren 22an, Donostian, Bilbon eta Gasteizen Osasungintza Publikoaren alde. “Aukera bat da guztiok bat egiteko eta Eusko Jaurlaritzari, EAJri eta PSEri exijitzeko murrizketen politika geldiaraz dezatela eta 180 graduko bira eman dezatela Osasungintza Publiko duin eta kalitatezko baterantz”, adierazi dute.
Osakidetzan gaur egun dagoen egoera “arduradun politikoek egindako plangintza eta kudeaketa luze eta negargarriaren emaitza” dela uste dute plataformako kideek. Osasun publikoaren “murrizketa politikaren” ondorioz, anbulatorioak itxi eta arreta ordutegiak estutu direla salatu dute, besteak beste: “Telefonoaren zain egon behar izan gara etengabe hitzordua hartzeko, arreta presentziala lortzeko gero eta zailtasun handiagoak daude, espezialista bat eskuratzeko itxaron zerrendak izugarri igo dira, ebakuntza kirurgikoa egiteko epeak handitu dira, Lehen Mailako Arretako osasun langileak etengabe ordezkatu dira, gure hizkuntza eskubideak behin eta berriz urratu dira”.
Hori dela eta, Osasun Publikoaren “defentsa aktiboa” egiten duten herritarren plataformak mobilizatzera “behartuta” daudela pentsatzen dute, Osakidetzaren politikan “aldaketa sakona” eskatzeko, eta osasun “publikoa, duina eta kalitatezkoa” bermatzeko.