Aste Santuko oporretan irlara bisitariak joan izanak hegaztiak kaltetuko dituela salatu dute
Cristina Iglesias artistaren Hondalea eskultura Santa Klara uharteko itsasargian jarri zutenean, Eneko Goia alkateak esan zuen irailetik ekainera ezingo zela bisitatu, ez zelako irlara joateko txaluparik egongo. Bi urteren ondoren, ordea, Aste Santuko oporretan (hilaren 1etik 16ra) bisitatzeko aukera ireki dute, eta horrek Santa Klaran habia egiten duten hegaztiei kalte egingo diela salatu du Parkea Bizirik elkarte ekologistak.
“Donostiarrok, altxor horretatik kanpo ez gaudenez, kontu handiz gordeta dugu. Azken hamarkadotan soilik uda garaian bisitatu eta gozatu dugu, urteko gainerako sasoietan Santa Klarari atseden hartzen eta lo egiten utzi diogularik, besteak beste, bere bizitza natural zoragarria babesteko asmoz. Udako erabilera horri esker, uhartea itsas hegaztien etxea da, eta bertan bizi, lo egin eta habiak egiten dituzte, Urgull mendian ez bezala. Izan ere, Urgull mendian ez da horrelakorik gertatzen, besteak beste, urte osoan jendearentzat irekita dagoelako”, azaldu dute Parkea Bizirik-ekoek. Halaber, gaineratu dute kaio hankahoriek lurrean egin ohi dituztela habiak, eta hegazti horien ugalketa “bateraezina” dela bisitarien joan-etorriekin.
Salatu dutenez, milaka bisitari joan ahal izan dira egunotan irlara, eta horiei udan joan ohi diren guztiak gehitu behar zaizkie. “Neurririk gabeko industria honek uhartean eragingo dituen inpaktu negatiboen artean, beste askoren artean honako hauek daude: ur, ikus eremu eta kutsadura akustikoa, itsasargiaren eraikinaren fatxadako foku indartsuen argi kutsadura, lurrean barreiatutako zaborra, gizakiaren presentziak hegazti gehienei eragiten dien izua eta, horren ondorioz, arrautzak eta txitak abandonatzea, landaredia zapaltzea, belar mozketak, bidexkak sortzearen ondorioz osagai abiotikoa hondatzea, lurzoruak trinkotzea eta higadura prozesuak areagotzea”, gaineratu dute.
Horrela, hainbat eskaera egin dizkiote udalari, besteak beste, Hondalea “Pasealeku Berriko aparkalekura edo Pasaiako La Herreraren moduko beste leku batera” lekualdatzeko, eta lekualdaketa Iglesiasek berak ordaintzeko. Bestalde, eskaera hauek egin dituzte: “Apirilean eta maiatzean Hondalea turismo erreklamora antolatutako bisitak bertan behera uzteko, uhartera apirilean eta maiatzean antolatutako bidaiak bertan behera uztea, Santa Klara uhartea babes handiagoko irudi batez babestea, itsas hegaztien kolonia babesteko eta Ekologia zinegotzi Marisol Garmendia uhartearen berrezartze naturalaren eragile izan dadila”.