Errugbi partiden harira, ostalaritza establezimenduen ordutegiak ez luzatzeko eskatu du Parte Zaharrean Bizik
Ekainaren 9an eta 10ean Top 14 errugbi txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte Anoetan, eta jarraitzaile asko etortzea aurreikusten da, 80.000 inguru, sarrerarekin zein gabe. Horren harira, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak eskatu du ostalaritza establezimenduen eta horien terrazen ordutegiak luzatzeko, eta halakorik ez egiteko eskatu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak.
Berriki, martxoaren 25an, beste errugbi partida bat jokatu zen Anoetan, eta auzo elkarteak azaldu du Parte Zaharrak ohiko egun batean baino %93 bisitari gehiago izan zituela, eta horrek zarata ugari sortu zuela salatu du. Halaber, gogorarazi dute auzoko tabernen legezko gehienezko edukiera 12.800 pertsonatik gorakoa dela, eta salatu dute hori gehiegizkoa dela 5.853 biztanleko auzo batentzat.