Salbamendu uztai berriak jarri dituzte Urumea eta hondartza inguruetan
Salbamendu uztai berriak jarri dituzte egunotan Urumea ibaiaren eta Donostiako hondartzen inguruko hainbat tokitan. Astearen amaierarako, zazpi larrialdi kutxa instalatzen bukatzea aurreikusten dute, edonork erabili ahal izateko. Ekipamendu berri horiekin, Donostiak hamabost salbamendu uztai izango ditu guztira, joan den udan lehenengo zortziak jarri baitzituzten.
Oraingoan, salbamendu uztaiak hiru zubien ondoan kokatu dituzte: Kursaal, Santa Katalina eta Maria Cristina. Ondarreta hondartzan ere berri bat jarri dute, tunelaren ondoan, eta beste bat Haizearen Orrazian. Beste bi falta dira instalatzeko: bata Nautikoko pasabidean eta bestea Alderdi Ederren.