Agur gutun bat Donostiako alkateari, 2031ko udal hauteskundeen aurretik
2031n agurtzen den Donostiako alkate bizikletazale bati idatzitako agur gutun bat, edo, hobe esanda, bizikleta-fikzio saio bat.
Maiatzaren 25ean udal eta aldundietarako hauteskundeak izango dira eta gure alkateak iragarri du ez dela berriro aurkeztuko. Kalapieko kideok ulertzen dugu gure alkateak atsedena behar duela, hiriaren gidaritzak izugarrizko esfortzua eskatzen baitu, baina aldi berean, gure tristura azaldu nahiko genuke, bizikletaren aldeko alkate sutsuagorik (eta eraginkorragorik) ez dugulako ezagutu. Eta lerro hauekin eskertu nahiko genituzke ahalegin horiek guztiak, Donostia utzi dutelako Europako (eta bilbotarrak bagina, munduko esango genuke) bizikletaren hiriburu moduan 2030 hamarkadako lehen urte honetan, Copenhagenize Index sailkapen ospetsuan gailurrera iritsiz, Amsterdam eta Kopenhageren aurretik.
Ibilbide hori errepasatuz, gogoratu beharko genuke hastapenak ez zirela errazak izan. 2023ko hauteskundeak ezustean irabazi ondoren, gure alkateak legealdiko lehen konpromiso nagusiari aurre egin behar izan zion: Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikorako Legeak behartutako 2023rako behartzen Isurketa Baxuen Eremua (IBE) aprobazioa. IBEren proiektua oso ausarta zen, eta gure aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Noski, ez zen erraza izan betiko ahots apokaliptikoei aurre egitea (bere autoa hiriko azken izkinan sartu ahal izatea “askatasunarekin” nahasten duten horiena, batik bat), baina hain urruti geratzen den 2023ko abenduaren 19ko udalbatzar zalapartatsu batean aurrera atera zen. Bere ondorioak handik gutxira hasi ziren nabarmentzen: trafikoa erabat desagertu egin zen hiriguneko hainbat kaletatik, eta autoak desagertzen ez zirenean, bere zirkulazioa mantsotu egin zen. Hainbeste semafororen beharrik ez zegoenez, asko kendu egin ziren, bizikleten zirkulazioa erraztuz. Oinezkoen eremuak ere zabaldu ziren, horrekin batera, tokiko dendak eta negozioa berpiztuz. Zarata eta kutsadura goitik behera jaitsi ziren, hiritarron bizitzaren kalitatea eta osasuna hobetuz.
Bitartean, 2024ko martxoan, gure alkateak iragarri zuen Bizikletaren eta Mugikortasun Iraunkorraren Estrategia 2025-2030 diseinatzeko prozesu parte hartzailea martxan jarriko zela, eta urtebete pasatu ondoren onartu zen, Kalapierekin batera beste hainbat eragile sozialek eta banakako hiritarrek parte hartu zutelarik. Estrategiari lotuta zegoen ekintza planak baimendu zuen gure hiriko bidegorri sarea osatzea, sarea 125 kilometrora arte luzatuz: hiriko poligono industrialen (Zuatzu, Igara eta 27 Industrialdea) sarbideak; Ospitaletako igoera eta Miramon; Txomin eta Martuteneren arteko lotura; Mirakruzeko ardatza eta Bidebieta-Herrera sareak; Aieteko bidegorria; Zurriola eta Bulebarraren arteko lotura, eta Ondarreta eta Zumalakarregiren artekoa, Astiñeneko zubia… Dbiziko bizikleta publiko zerbitzua ere izugarri hedatu da urte hauetan, geltoki berriak sortuz hiriko auzo garaietan. Bere erabiltzaileak 12.000 baino gehiago dira gaur egun, orain dela hamarkada batekoak bikoiztuz. Aparkaleku babestuak eraiki ziren auzo guztietan eta beste garraiobideetan (tren edo autobusetan) norberak bere bizikleta eramateko aukerak ere ugaldu dira. Eskola guztiek bere bizikleta plana egin dute, txikienentzat eskola garraio eredu nagusia Bizibusa bihurtu delarik.
Baina ez da kantitate kontu bat soilik, kalitate kontua ere bada: gune arriskutsuak murriztu dira (gogoratu behar zenbat aldiz entzun behar izan dizkiegun Kalapieko beteranoei bileretan Easo eta Lizarra kaleko gurutze madarikatuak edo autobus geltokiaren ondoko ginkana hark sortutako komerien ingurukoak), gure aspaldiko aldarrikapena izan diren bidegorri zabalak, 90 graduko kurbarik gabekoak eta zoru onekoak diseinatuz eta eraikiz, eta bere mantenuan inbertituz. Seinaletikan ere ahalegin handiak egin dira, eta ez soilik hiriko gune esanguratsuen eta auzoen norabidea modu egokian markatuz, inguruko herrien norabideak eta distantziak ere adieraziz.
Tamalez, udal mailan egindako ahaleginak ez du jarraipenik izan aldundian, gure lurraldeko sareak konexio hutsuneak mantentzen dituelarik: Irun eta Donostiaren arteko bidegorriaren lanak, adibidez, behin eta berriro atzeratu dira. Horrela, Gipuzkoa zikloturismoaren Europa Hegoaldeko Hiriburu bihurtu ezinik dabil, UCIren Bike City Labela lortzeko aukera galdu delarik. Bidegorri hau bukatzeko geratzen den azken tramoa, Gaintxurizketakoa, 2033an bukatuko dela dirudi. AHTarekin batera, baina gure alkateak ez du horren errurik.