GI-20 saihesbidearen eraldaketak 60 hektarea lurzoru berreskuratuko lituzke herritarrentzat
Donostiako EH Bilduko alkategai Juan Karlos Izagirrek eta Garbiñe Alkiza zinegotziak agerraldia egin dute ostiral goizean Miramongo Arima hotelean, GI-20 saihesbidea eraldatzeko prestatu duten proiektua aurkezteko. Azaldu dutenez, proiektu horren bidez 60 hektarea lurzoru publiko berreskuratuko lirateke, Añorgatik Altzaraino –zortzi kilometro–, saihesbidearen ingurua “etorbide atsegin bihurtzeko”. Zehazki, Altza-Larratxo-Bidebieta eremuan zortzi hektarea berreskuratuko lirateke, Intxaurrondon hamahiru, Loiola-Egia eremuan lau, Amara Berri-Loiolako Erribera eremuan zazpi, Aiete-Miramon eremuan hogei eta Añorgan zortzi. 2011-2015 legealdian Karlos I.aren etorbidean egindako eraldaketaren ildotik joango litzateke EH Bilduk GI-20 saihesbide guztirako egindako proposamena.
EH Bilduko kideek azaldu dutenez, 60 hektarea horietan hiriaren hainbat beharri erantzun ahalko litzaieke. Izan ere, proiektuaren arabera, 60 hektarea horietako 23 berdeguneak sortzeko izango lirateke, 2.500 etxebizitza berri eraikiko lituzkete, lanpostuak sortuko lirateke –bereziki, Altzako Txingurri (Rich) eremua biziberrituta–, 11 kilometro bidegorri eraikiko lituzkete, oinezkoentzako hamabost kilometro erabilgarri egongo lirateke, hiru disuasio aparkaleku eraikiko lituzkete, bizikletentzako sei aparkaleku seguru, hamar autobus geltoki jarriko lituzkete, gas emisioak eta zarata murriztuko lirateke, 6.000 metro koadro eguzki plaka jarriko lituzkete eta auzoentzako ekipamenduak eraikiko lituzkete. Proiektuaren nondik norakoak hemen kontsultatu daitezke, zehatz-mehatz.
Etxebizitzei dagokienez, lurzorua publikoa denez, “etxebizitza babestuen kopurua maximizatu” daitekeela nabarmendu du Izagirrek: “EH Bilduren apustua da etxebizitzen %70, gutxienez, publikoak izatea Gainera, ez litzateke beharrezkoa izango lurzoru berriak okupatzea etxebizitzak egiteko, bertan eraikiko ditugu. Halaber, beste etxebizitza eredu batzuekin esperimentuko dugu, hala nola, kooperatibek kudeatutako co-housing eredua eta erabilera lagapeneko etxebizitzak”. Etxebizitza babestuen kopurua maximizatzea posible dela gehitu du alkategaiak, 2011-2015 legealdian, bera alkate zenean, Txomiñenean egin zutelako.
Prozesu luzea
Duela urte eta erdi abiatu zuten parte hartze prozesua, eta saihesbideak zeharkatzen dituen zortzi auzoetako herritar eta eragile ugarirekin bilerak egin dituzte –Intxaurrondo, Añorga, Egia, Loiolako Erribera, Loiola, Altza, Aiete eta Amara Berri–, baita hitzaldiak antolatu eta erakusketa ibiltaria jarri ere. Hala ere, Alkizak nabarmendu du legealdiaren hasieratik daramatela gaia lantzen. Horrez gain, hiriko beste hainbat eragilerekin ere bildu dira, euren ekarpenak jasotzeko: Dbuseko sindikatu guztiekin, Donostiako ELA eta LAB sindikatuekin, Eguzkirekin, Haritzalderekin, Emakumeen Hiria Foroarekin, Gipuzkoako Moto Club erakundearekin, Kalapierekin, Taxi Donostiarekin, Taxi Vallinarekin, Hiru garraio sindikatuarekin, hezkuntza komunitatearekin, kirol klubekin, emakumeen kolektiboekin eta gazteen kolektiboekin.
“Mahai gainean jartzen dugun Donostia hiru ardatzetan oinarritzen da: kostaldearen ardatza, Urumearen ardatza, eta saihesbidearen ardatza. Izan ere, errepide zaharra etorbide atsegin batean eraldatzeak irekitzen dituen etorkizunera begira aukerak”, nabarmendu du Izagirrek. Halaber, gaineratu du GI-20ak, iaz 50 urte bete zituenak, “hiriko mugikortasun arazo askori irtenbidea eman” ziela bere garaian, baina AP-1 errepidea eraiki zenetik, GI-20ko zirkulazioa “erdira” murriztu dela. “Hiria inguratzeko funtzio nagusia aldatu den arren, errepideak tamaina eta espazio bera izaten jarraitzen du. Alde horretatik, eta saihesbideak hainbat auzotan ‘lubaki efektua’ egiten duenez, EH Bilduk urratsak eman nahi ditu hiri ardatz hori etorbide atsegin bihurtzeko, eta, horretarako, lurzoru publikoko 60 hektarea berreskuratu nahi ditu Añorgatik Altzaraino”.
Alkategaiak nabarmendu du azalera hori Loiolako kuartelen azaleraren hirukoitza dela, eta kontua ez dela “soilik errepide zahar bat eraldatzea eta egungo beharretara egokitzea, baizik eta Donostian sortuko dugun hiri espazio berri bat bizitzaz betetzea”. Era berean, esan du euren proiektua “Europako hiri aurreratuenek hartu duten norabidearen ildotik” doala. “Honekin hiriko auzoetako bizi baldintzak hobetuko dira. EH Bilduren proiektu bat da, eta ez dakigu orain abian den Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren [HAPO] berrikusketan zerbait aintzat hartuko duten, baina alderdi guztiak gonbidatuta daude ekarpenak egitera”, gaineratu du Izagirrek. “Saihesbidearen eraldaketa egin, egingo da”, nabarmendu du Alkizak, “kontua da norentzat egiten den”. “Lurzoru gehiago okupatu gabe egingo litzateke gure proiektua eta erakundeen arteko elkarlana bultzatuz [saihesbidearen lurzorua Gipuzkoako Foru Aldundiarena da]. Proiektu anbiziotsua da, bi edo hiru legealditan garatzekoa”, gehitu du alkategaiak.
Auzoz auzoko beharrak
Askotariko ekarpenak jaso ditu EH Bilduk zortzi auzo horietan, eta proiektuan aintzat hartu dituzten guztiak hemen kontsultatu daitezke. Nabarmentzekoa da, besteak beste, disuasio aparkalekuak Intxaurrondon, Añorgan eta Amara Berrin aurreikusten dituztela.
Intxaurrondon, errepideak banatzen dituen auzoaren bi eremuak lotuko lituzkete, baita sozializatzeko guneak sortu eta etxebizitzak eta erabilera anitzeko guneak eraiki ere. Añorgan, auzoaren eta Infernuaren arteko lotura hobetuko lukete eta etxebizitzak eta auzoarentzako ekipamendu beharrezkoak eraikiko lituzkete. Egia-Loiola-Loiolako Erribera eremuan ibai parke bat eraikiko lukete Urumearen inguruan, baita Astiñene baserria berritu eta erabilera anitzeko gune bat eraiki ere. Altzan, Txingurri (Rich) eremua biziberrituko lukete eta txirrindularientzat aukera seguruak eraikiko lituzkete. Aieten, eskoletarako lotura berriak eraikiko lituzkete, oinezkoentzako gune berriak sortuz, eta Miramongo basoa balioan jarriko lukete, baita ere. Azkenik, Amara Berrin, 2011-2015 legealdian egindakoari jarraiki, Karlos I.aren etorbidearen “bigarren eraldaketa” egingo lukete eta trenbidea lurperatuko lukete.