Jolastokietako etxeak adjudikatzeko zailtasunak izaten ari dira
Jolastokietako (Altza) etxebizitza tasatuen adjudikazio prozesua atzeratzen ari da, Sukia promotoreak zailtasunak izan baititu hasieratik etxe horiek adjudikatzeko, udaleko iturriek hedabide honi azaldu diotenez. 36 etxebizitza dira, eta 900 pertsona zeuden Donostiako Etxegintzak (udalaren mendeko erakundea da) egindako zerrendan, baina dagoeneko 370 lagunek uko egin diete etxebizitzei. 36 etxebizitzetako 30 adjudikatu dituzte, 400 dei eginda, baina oraindik sei gelditzen dira adjudikatzeko, eta 500 lagun zerrendan.
Prozesua arintzeko, Sukia zerrendan gelditzen direnekin harremanetan jarri da, gelditzen diren etxebizitzengatik benetako interesa dutela adierazi dezatela eskatuz. Interes hori adierazteko, kontu korronte batean 50 euro jartzeko eskatu diete. Etxebizitza bat adjudikatuz gero, diru hori etxearen ordainketatik deskontatuko diete, eta, bestela, itzuli egingo diete. Hilaren 21a baino lehen adierazi beharko dute interesa zerrendako pertsonek, bestela etxebizitzei uko egiten dietela ulertuko baitu Sukiak. Hala ere, Jolastokietako etxe horiei uko egiteak ez du suposatzen Etxegintzaren gainerako promozioetatik kanpo gelditzea.
Udaleko iturriek azaldu dutenez, “50 euroko jartzearena ez da gauza arraroa. Adibidez, hondartzetako toldoen adjudikazioak egin baino lehen, diru kopuru bat jartzeko eskatzen da, benetako interesa dagoela erakusteko”. Jolastokietako etxeen kasuan, “jende askok uko egin du deitu diotenean, gehienbat, bertan ez dutelako erosi nahi. Orain, promotoreak gelditzen diren pisu horiek adjudikatzeko beste saiakera bat egiteko bidali du mezua”, gaineratu dute.
Gelditzen diren etxebizitzak solairuartekoak, behekoak edo lehenengo solairukoak dira, denek trastelekua eta garajea dute eta hiru logelako bi daude, bi logelako hiru eta logela bakarreko bat. Logela bakarrekoak 199.929,58 euroko prezioa du, bi logelakoek 224.697,02 eurokoa batek eta 253.708,23 eurokoa bik, eta hiru logelakoek 268.085,12 eurokoa batek eta 272.449,45 eurokoa besteak. Ordea, denei %10eko BEZ-a gehitu behar zaie. Etxeak bukatuta daude, berehala bizitzera sartzeko moduan.