"Oso interesgarria izan da euskal nortasunaren sentimendua ezagutzea"
Metz hiriko bi ikasle frantsesekin gaude, Erasmus+ proiektuari esker ezagutu ditugu. Gure artean, komunikazioa ez da arinena, baina konplizitatea agerikoa da. Deigarria da, halaber, hizkuntza askotako komunikazioa: ingelesezko esaldi laburrak, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz jarraitzen duten iruzkinekin batera. Fenomeno honen arrazoia agerikoa da: ikasle frantsesak truke batean parte hartzen ari dira, eta euskal familiek harrera egin diegu. Maude Rizza eta Elsa Comtesse, Metzeko Lagneau zentroko bisitariak urduri daude, baina elkarrizketatuak izan aurretik irribarre egiteko denbora eta arrazoiak aurkitzen dituzte.
Oro har, nola baloratuko zenuke aurtengo Erasmus esperientzia?
Elsa Comtesse (E.C.): Oso esperientzia interesgarria izan dela iruditzen zait. Gaztelania praktikatzeko, kultura berri bat ikusteko, euskal kultura, alegia, eta ezagutzen ez nituen leku berri asko bisitatzeko aukera izan dut. Gainera, nire eskolako lagunekin egin ahal izan dut. Zer gehiago eska dezaket?
Maude Rizza (M.R.): Niri asko gustatu zait esperientzia, batez ere, euskal kulturari eta bere tradizioei buruz asko ikasi ahal izan dudalako, denbora gutxian gai honekin lotutako gauza asko ikusi ahal izan ditudalako. Orain arte euskal errealitatea zeharo ezezaguna zen niretzat.
Eta, Euskadin zuentzat antolatu ditugun jarduerak gustatu zaizkizue?
E.C.: [Barrez eta zalantzaz] Jarduerak ondo egon dira, inguru honetako kulturari buruzko gauza asko ezagutzeko aukera eman digute…
M.R.: Niri, batez ere, Pasaiako ur handirako arrantzarekin erlazionaturiko jarduera gustatu zait. Ez nekien hain tradizio errotua eta espezializatua hemen zegoenik.
Eta harrera familiari dagokionez? Zer moduz joan da esperientzia?
E.C.: Ondo, baina harrera familiaren eguneroko bizitza eta gurea oso desberdinak dira, eta batzuetan aldaketa ez da erraza izaten. Dena den, egun batzuk pasatuta, ohitzen zara.
M.R.: Harritu egin nau zenbat ibili behar den hemen, egunerokoan, Donostian. Zur eta lur utzi nau zein berandu bazkaldu eta afaltzen den hemen, egia esan [barrez].
Eta bisitari eta gonbidatu gisa, oro har, zer gustatu zaizue gehien?
Biak: Herrialdearengandik eta familiengandik jaso dugun tratua asko gustatu zaigu, jakina. Janaria ere berezia eta ezberdina iruditu zaigu. Bestalde, jokatzeko moduari dagokionez ere, ez dugu desberdintasun kultural handirik ikusi, oso eroso sentitu gara hasieratik.
E.C.: Oso interesgarria izan da euskal nortasunaren sentimendua ezagutzea, Espainiarekiko desberdina baita eta ez genekien ezer. Euskal errealitatea ez da aipatzen Frantziako hedabideetan, eta uste dut gutxiengo txiki batek bakarrik dakiela zerbait gai horri buruz. Hala imaginatzen dut, behintzat.
Zer gustatu zaizue gehien hemen eta han?
M.R.: Donostia inguruko paisaia eta natura sinestezina iruditu zaigu. Metz inguruan dugun paisaia gustatzen zaigu, baina hiri bitxia eta berezia da hau, natura oso presente baitago. Ez gaude konbinazio honetara ohituta.
[Maud eta Elsa elkarrizketatuak izatetik elkarrizketatzaileak izatera pasatu dira]
Eta zuei, Juncal eta Garazi, zer da atentzioa eman dizuena, Metzeko zuen aurreko egonaldia alderatuz?
Garazi Rodriguez eta Juncal Gabarri: Gure errutina oso desberdina da, hemen beti kalean gaudelako eta han bizitza etxea bezalako espazio markatuagoetan egiten zela sentitzen dugulako. Era berean [barrez], konturatu gara gure egunerokotasunean askoz gehiago gabiltzala. Metzen, beti joaten zara autoz eta autobusez alde guztietara! Autoritatearen gaia ere harrigarria iruditu zitzaigun. Han, ikasleak oso zuzen agertzen ziren eskolan, baina hona etortzean, gure araurik lasaienekin nahi zutena egin zezaketela iruditu zitzaien.