Tokiko merkataritza indartzeko hauspoa
Intxaurrondoko IZBE auzo elkarteak Intxaurkide kanpaina jarriko du martxan, bigarrenez. Auzoko saltokigune handiak alde batera utzi, eta tokiko denda txikiak biziberritzea da helburua; horretarako, 100 euroko hamar bonu zozkatuko dituzte erosleen artean.
Intxaurrondoko tokiko merkataritzari bultzada emateko asmoz, Intxaurkide kanpaina jarriko du martxan aurten ere IZBE auzo elkarteak. Bigarren aldia izango da aurtengoa, eta apirilaren 13tik 28ra egingo dute, auzoko 48 taberna eta komertziotan.
IZBEko Imanol Mendiluze kideak hedabide honi azaldu dionez, “auzoko denda txikietako kontsumoa berpiztea” da Intxaurkide kanpainaren helburua, auzoko supermerkatu handiak “pixka bat bazterrean utziz”. Horretarako, hainbat txartel saltzen dizkiete auzoko denda, taberna eta negozio desberdinetako jabeei, eta beraiek bezeroei saltzen dizkiete ondoren. “Gero, 100 euroko hamar sari banatzen ditugu. Sari bakoitzak bi zati ditu, baina jendeak ez du dirurik ikusiko, kontsumo bonuak direlako. Beraz, 100 euro horietatik, 50 tokatutako dendan gastatu behar dira, eta beste 50 bezeroek nahi duten lekuan, kanpainaren barruan dauden establezimenduetan beti ere”, azaldu du Mendiluzek.
Kanpaina iaz jarri zuten martxan lehenengo aldiz, eta “arrakasta” izan zuela nabarmendu du Mendiluzek: “500 euro bildu nahi genituen, eta, azkenean, 800 lortu genituen. Hori dela eta, sari potoloak eman genituen, baina aurten hamar sariak berdinak izatea erabaki dugu”.
Kanpainaren hedapena
Lehengo urtean, Intxaurkide kanpaina soilik Intxaurrondo Zaharrean egin zuten, baina, aurten, Intxaurrondo erdiraino zabaltzea erabaki dute. “Intxaurrondo hegoa ez dugu hartu oso handia delako eta pixka bat altu geratzen zaigulako. Gainera, IZBE bizilagun talde txiki bat gara, eta erabaki dugu kanpaina Intxaurrondo erdiraino handitzea; izan ere, ez dakit gai izango ginatekeen askoz gehiago handitzeko”, aitortu du Mendiluzek.
Horrez gain, udala kanpainarekin laguntzeko prest agertu dela azaldu du IZBEko kideak. “Udalak esan digu ziurrenik lagundu egingo digula. Postontzietan aldizkari bat banatuko dugu, eta portaletan kartelak jarriko ditugu Intxaurkide kanpaina zer den bizilagunei azaltzeko”, adierazi du.
IZBEkoak pozik daude udalaren ekarpenarekin, baina esaten eta egiten duenaren artean kontraesanak daudela iruditzen zaie. “Nahiz eta kanpaina hauek egin eta udalak lagunduko digula esan, udala indartzen ari da Garberara doazen autobus zerbitzuak eta bertara iristeko bidearen konponketa, besteak beste. Intxaurrondon bi Todo Todo, Aldi bat eta Garbera daude, eta horrelako auzo batean hainbeste komertzio handi izatea erosoa izan daiteke jendearentzat, baina auzo bizitza egiteko ez dakit oso komenigarria den”, adierazi du Mendiluzek.
Ildo horretan, auzoko tokiko merkataritzaren egoera “ahul samarra” dela azaldu dute, azken boladan, soilik okindegi bat eta paper denda bat zabaldu dituztelako. “Bestela, betiko langileak mantentzen dira, eta gainera, denak zahartzen ari dira. Dendak dituzten pertsona gazteak oso gutxi dira. Beraz, lagundu egin behar diegu, bestela tokiko merkataritza desagertu egingo delako. Izan ere, erretiroa hartzen dutenek komertzioak itxi egiten dituzte, erreleborik ez dagoelako”, nabarmendu du IZBEko kideak.
Hala ere, iaz baino establezimendu gehiagok hartuko dute parte aurtengo Intxaurkide kanpainan: iaz 35 izan ziren, eta aurten 48 izango dira. Auzoko liburu denda, ile apaindegia, masajistak, tabernak, autoen edo motorren tailerrak, okindegiak, scape room bat… “denetarik” batu da Intxaurkidera.
Pegatinen bidez bereizita
Kanpainan parte hartuko duten komertzioek “intxaur irribarretsu” batzuen pegatinak dituzte jarrita kanpoaldean, jendeak Intxaurkiden parte hartzen ari direla jakin dezan. Horrez gain, establezimendu bakoitzaren barruan plano bat egongo da, Intxaurkideko lokalak zein diren azaltzeko, eta baita bakoitzak zertan lan egiten duen eta non kokatuta dagoen jakiteko ere.
“Gainera, aurten saiatuko gara planoetan QR kode bat jartzen, eta kode horretan sartzen denak plano guztia hobeto azalduta ikusi ahal izango du”, zehaztu du Mendiluzek.
Apirilaren 28an Intxaurkide kanpaina amaitzen denean, bonuen zozketa bideoan grabatuko dute, eta saridunak eta haien ordezkoak zein diren jakinaraziko dute. Saridunek lau hilabeteko epea izango dute bonuak erabili ahal izateko.