Tomas Gros taberna itxiko dute
Tomas Gros taberna ezagunak 1983tik darama Mirakruz eta Tomas Gros kaleen arteko izkina, baina hilaren 30ean amaiera emango dio 40 urteko ibilbideari. Josema Azpeitia kazetariak Noticias de Gipuzkoa hedabidean eman du itxieraren berri, Jose Mari Rey jabearekin hitz eginda.
Reyren guraso Emilio eta Basilik ireki zuten taberna, inguruan beste ostalaritza establezimendurik ez zegoenean. Rey gurasoak laguntzeko hasi zen han lan egiten, eta barraren atzean jarraitzen du gaur egun.
Hilaren 30ean, agurraren egunean, goizez ohiko moduan funtzionatuko du tabernak, baina 19:30etik aurrera berezia izango da, orduan hasiko baita agurra. Prezio bereziak izango dituzte, eta azken bezeroa joaten denean itxiko dute, jabeak aipatu hedabideari azaldu dionez. Halaber, gaineratu du gaur gaurkoz itxiera behin betikoa dela, ostalari batzuek interesa adierazi badute ere, momentuz ez duelako inork tabernarekin jarraitzeko pausoa eman.