Zer iruditzen zaizu telefono kabinak kentzea?
Urrats euskaltegiko ikasleek euren iritzia eman dute telefono kabinak kaleetatik kentzearen inguruan.
Maite Juanes (Hernani): “Pentsatzen dut gaur egun oraindik erabilgarriak izan daitezkeela, nahiz eta edonork izan mugikor bat”
Azken boladan, gutxitan ikusi ditut telefono kabinak kalean. Baina gaztetan erabili izan ditut; adibidez, kanpoan ikasten ari nintzenean eta mugikorrik ez nuenean. Astero erabiltzen nituen, eta kolpeak ere jaso zituzten, izan ere, nire txanponak irensten zituen kabinak. Pentsatzen dut gaur egun oraindik erabilgarriak izan daitezkeela, nahiz eta edonork izan mugikor bat eskura.
Beatriz Cortes (Buenavista): “Gure garaiko tresnak dira, eta gustatuko litzaidake behintzat pare bat kalean mantentzea”
Nik uste dut orain ez dutela ia ezertarako balio, baina nostalgia pixka bat sentitzen dut horiek kenduko dituztela pentsatzean. Kabinak gure artean izan ditugu beti, eta norbaiti etxetik deitzea saihesteko erabiltzen genituen batzuetan. Gure garaiko tresnak dira, eta gustatuko litzaidake behintzat pare bat kalean mantentzea.
Angelica Rodriguez (Antigua): “Lehen, telefono zenbakiak buruz ikasi behar izaten genituen, eta, gaur egun, ez dugu horretarako beharrik”
Gure garaian, telefono kabinei esker lortzen genuen jendearekin harremanetan jartzea; beraz, alde horretatik, pena ematen dit horiek kentzeak. Hala ere, lehen, telefono zenbakiak buruz ikasi behar izaten genituen, eta, gaur egun, nik behintzat, ez dut zenbakiak buruz ikasteko beharrik, mugikorrean sartuta ditudalako.
Josean Piñeiro (Altza): “Telefono kabinak ziren lekurik egokienak neska lagunarekin hitz egiteko, gurasoak ez ohartzeko”
Argi dago gaur egun telefono kabina horiek nahiko zaharkituta geratu direla, baina gogoratzen dut gaztea nintzenean orduak ematen nituela bertan, lagunei deika. Horrez gain, askotan, telefono kabinak ziren lekurik egokienak neska lagunarekin hitz egiteko, gurasoak ez ohartzeko. Gaur egun, teknologia berriei esker, edo ez, ez dira horrelako gauzak gertatzen.
Esther Rodriguez (Andoain): “Telefono kabinak mugikorrak kargatzeko erabil daitezke, edo informazio gune gisa ere funtzionatu dezakete”
Gaur egun, agian, ez dauka zentzurik telefono kabinak existitzeak. Baina egia da hiriko ikono bat direla, eta nahiz eta Londreskoak bezain politak ez izan, agian beste erabilera bat izan dezakete. Adibidez, mugikorrak kargatzeko erabil daitezke, edo informazio gune gisa ere funtzionatu dezakete.
Borxa Guridi (Algorta-Ibarra): “Txapazko kabinak mantendu egingo nituzke, liburutegi gisa erabiltzeko, adibidez”
Gaztea nintzenean erabiltzen nituen kabinak. Oroitzen naiz txartel batzuk nituela, 1.000 pezetakoak. Estankotik pasatzen nintzen aitarekin, eta berak ematen zizkidan txartelak, egunean zehar erabiltzeko, txanponak ez eramatearren. Gaur egun, zoritxarrez, itxura txarra dute puskatuta daudelako, baina nik txapazko kabinak mantendu egingo nituzke, liburutegi gisa erabiltzeko, adibidez.
Carmen Lopez (Valentzia-Donostia): “Alacantetik Donostiara autoz etorri behar nuen, eta bidaia antolatzen genuen dei horien bidez”
Gogoratzen dut gaztetan ordu pila bat pasa nituela telefono kabina barruan, nire gaur egungo senarrarekin hitz egiten. Alacantetik Donostiara autoz etorri behar nuen, eta bidaia antolatzen genuen dei horien bidez. Guretzat oso baliagarriak izan ziren garai hartan, nahiz eta oroitzen dudan kabinetako ateak irekitzea eta ixtea oso zaila zela.