4.300 pertsona inguruk bisitatu dute Donostiako Udaletxea
Donostiako Udalak ate irekien jardunaldiak egin zituen pasa den ostiraletik igandera bitarte. Guztira, 4.300 pertsona inguruk bisitatu zituzten eraikineko bulego nagusiak, modu librean edo bisita gidatuen bidez.
Bisitariek gela desberdinak bisitatu ahal izan zituzten: osoko bilkuren aretoa, harrera gela, gobernu batzarraren aretoa eta prentsa aretoa. Baita ispiluen aretoa ere, jardunaldien arrakastaren ondorioz ibilbidean sartu zena.
Aurreikusitako bisita gidatuen talde guztiak, 250 pertsonako hasierako kupoa zutenak, osatu eta zabaldu ere egin ziren, gidarien eskutik eraikinak dituen bitxikeriak ezagutzera hurbildu nahi izan zuten bisitariak hartuz.
Tour birtuala
Udaletxea ezagutzera gerturatu ezin izan ziren pertsona guztientzat, udalaren webguneak tour birtual bat du, edozein gailutatik udaletxea bisitatu ahal izateko. Ate irekien zein tour birtualaren helburua erakundea herritarrengana hurbiltzea eta hiriko eraikinik enblematiko eta maitatuenetako bati balioa ematea da.