804 pertsonak bisitatu dute 'Hondalea' eskultura Aste Santuko oporraldian
Donostiako Udalak Santa Klara uharteko itsasargian dagoen Hondalea artelana “ikusteko aukerak handitzeko” abian jarritako proiektu pilotua aurrera eraman du. Horrela, hilaren 1etik 16ra bitartean, Cristina Iglesias artista donostiarraren eskultura ikusteko aukera eman dute. Orotara, 804 pertsonak bisitatu dute.
Egunero lau bisita antolatu dituzte, bi goizez eta beste bi arratsaldez. Bisita bakoitzean gehienez hogei pertsonak bidaiatu ahal izan dute irlara doan txalupa motordunean. Beti ere, eguraldiak eta itsasoaren egoerak lagunduta. Hamasei egunetatik soilik bostetan utzi behar izan dituzte bisitak bertan behera itsasoaren egoera txarrarengatik.
Aste Santuko jai egunetan eta hilaren 11n (asteartea) eta 16an (igandea) instalazioa ikusteko azken egunean, obra bisitatzeko zeuden 80 plazak bete ziren. Gainerako egunetan betetze maila %52,50 (apirilaren 3an, astelehenean) eta %96,26 (apirilaren 15ean, larunbatean) artekoa izan zen. Hortaz, antolatutako bisiten betetze maila %91,36 izan da.