Arima Soulen 'Amets' abestiaren berrikuspen laukoitza, Roberto Sanchezen eskutik
Arima Soul talde donostiarrak beste EP bat kaleratu du, Roberto Sanchez “estatuko reggae eta dub doinuen maisuarekin” elkarlanean, taldearen beraren hitzetan. Hain zuzen ere, Arima Soulen lehenengo EP-ko Amets abestiaren berrikuspena da, lau piezakoa.
Estilo jamaikarreko abestia da Amets, eta Sanchezek Kantabrian (Espainia) duen A-Lone Ark Muzik Studioan birnahasketak eta dubak egin dituzte. Horrela, abesti beraren lau bertsio dira emaitza, eta EP-a formatu digitalean eskuratu eta entzun daiteke dagoeneko. Hala ere, single formatuan argitaratuko dute laster, zazpi hazbeteko biniloan.
Lidia Insausti abeslari donostiarrak, Paul San Martin pianista donostiarrak, Gorka Gaztanbide bateria jotzaileak eta Mikel Unzurrunzaga Makala baxu jotzaile zarauztarrak osatzen dute taldea. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako soul eta rhythm & blues kutsuko musika egiten dute, baina neo-soularen ukitu garaikidearekin eta euskaraz; kanta klasiko batzuen bertsioak ere egiten dituzte. Iaz, bere lehenengo disko luzea kaleratu zuen Arima Soulek.