Eddie Henderson jazzaren legendak Viktoria Eugenia antzokian joko du
Eddie Henderson tronpetista (AEB, 1940) jazzaren legenda bat da, eta zuzenean ikusteko aukera izango da aste honetan Donostian. Hain zuzen ere, kontzertua emango du Viktoria Eugenia antzokian ostegunean (hilak 20), 19:30ean. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean erosi daitezke, 18 euroan.
Ibilbide luzeko musikaria da Henderson, 9 urte zituela jaso baitzituen Louis Armstrongen lehenengo tronpeta klaseak, eta, handik gutxira, Miles Davisen bisita jaso zuen. Davis txundituta geratu zen Hendersonek bere Sketches Of Spain kanta nola interpretatzen zuen ikusita. 1970eko hamarkadan, bere lekua egin zuen jazzaren munduan, Herbie Hancocken taldeko kide gisa. Gerora, bakarkako ibilbide ikusgarria egin du, bere taldeko buru gisa zein Art Blakeyren Jazz Messengersekin, Dexter Gordonekin, McCoy Tynerrekin, Elvin Jonesekin, Jackie McLeanekin eta beste hainbat jazz musikari handirekin jotzen.