"Errepublika demokratikoa eta herrikoia" aldarrikatu dute
Ostiralean, hilaren 14an, 92 urte bete ziren Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zutenetik, eta, horren harira, elkarretaratze errepublikanoa egin zuten igandean Donostian. Donostiako Errepublikarrak eta Euskadiko mugimendu errepublikanoak antolatuta, hainbat lagun bildu ziren igande eguerdian Bulebarrean, udaletxearen parean.
Espainiako Hirugarren Errepublikaren aldeko aldarrikapena egin zuten: “Errepublikanoen mobilizazioaren eta presioaren bidez soilik ekarriko dugu errepublika. Mobilizazio errepublikanoekin jarraitu behar dugu, erakutsi baitute Euskadin asko eta asko garela errepublikaren aldeko apustua egiten dugunak”.
Gaineratu zutenez, “errepublika da ilusioa pizten duen erantzuna, justizia soziala konstituzionalizatzeko modu demokratikoa eta aberastasunaren bidezko banaketa. Ez modu politiko abstraktu gisa, baizik eta langile klasearen eta herriaren oinarrizko premia eta aldarrikapenetara benetako irteera gisa”.