Gipuzkoako Aldundiak helegitea aurkeztu du Uliazpiko lan eskaintza baliogabetu zuen epaiaren aurka
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Uliazpi Fundazioaren egoitza zentroetako 34 zaintzaile plaza eskaintzen dituen deialdia. Epaiaren arabera, legez kanpokoa da euskararen ezagutza aintzat hartzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen, eta esandakoa bete du.
Aldundiak dio deialdi honetako 32 plazetan beharrezkoa dela euskarako bigarren profila egiaztatzea, eta gainerako bietan meritu bezala baloratzen da. Zehazki, kasazioko errekurtsoa aurkeztu dute Auzitegi Gorenean, estatu zuzenbidea urratu delako, eta beste errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusiaren beraren aurrean, erkidegoko zuzenbidea hautsi delako. Aldundiko foru bozeramaile den Eider Mendozak gogoratu duenez, foru erakundeak sententzia hau “guztiz bidegabekotzat” jo zuen euskaldunen eskubideen ikuspegitik, eta herritarrek zein erabiltzaileek Uliazpin jasotzen duten zerbitzua “beraiek egiten duten hizkuntza hautua” errespetatuz egitearekin duen konpromisoa nabarmendu du.
Mendozak nabarmendu du langile publikoek euskaraz hitz egiteak Gipuzkoako gizartearen gehiengo zabalaren babesa duela. Horrela, joan den astean argitaratutako udaberriko soziometroaren emaitzei egin die erreferentzia. Bertan, inkesta erantzun zuten herritarrek 10etik 7,67ko adostasun maila adierazten dute Gipuzkoako administrazio publikoko langileek euskaraz jakin beharko luketela planteatzen zaienean. “Nabarmendu behar da, gainera, inkestari erantzun dioten 10 pertsonatik 6k baino gehiagok 8, 9 edo 10 puntuko adostasuna erakutsi dutela”, esan du foru bozeramaileak. “Beraz, ikuspegi honek adostasun zabala sortzen du Gipuzkoako herritarren artean, eta gizartearen gehiengoak sentsibilitate berezia erakusten du gai honekiko”, gaineratu du.
Uliazpiko lan eskaintza bertan behera utzi duen epaian, EAEko Auzitegi Nagusiak onartu zuen enplegatuak dituen funtzioengatik eta erabiltzaileekin eta haien senideekin duen harremanagatik, lanpostuek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak jakitea eskatzen dutela. Hala ere, 34 plazetatik 32 eskuratzeko 2. hizkuntza eskakizuna eskatzea “neurrigabea” dela eta errekurtsogileek plaza horietara berdintasun-baldintzetan iristeko duten eskubidea “urratzen” duela ondorioztatu zuen.