Ia 200 enara habia zenbatu dituzte Donostian
Aranzadi zientzia elkarteak denbora darama Enarak proiektua garatzen, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hiri eta herrietako enaren habiak zenbatzeko eta babesteko helburuarekin. Datuekin, bisore bat osatu dute, eta horren bidez ikus daiteke zein puntutan dauden enaren habiak. Hainbat espezietako enarak hartu dituzte aintzat proiektuan: sorbeltz arrunta, enara arrunta, enara ipurgorria, haitz enara, enara azpizuria eta uhalde enara.
Donostiari dagokionez, bisoreko datuei erreparatuta, 189 enara habia zenbatu zituzten Donostian 2022an, horietatik, 78 okupatuta. Horiek guztiak hiriko 39 puntutan identifikatu dituzte, eta herritarrek ekarpenak egiten jarraitu dezakete, habia gehiago ikusiz gero, bisorea gehiago elikatzeko. Habiak eraikinetako fatxadetan eta teilatuetako zirrikituetan egin ohi dituzte.
Sorbeltz arruntaren bederatzi habia daude (zortzi okupatuta), enara arruntaren bi (biak okupatuta), haitz enararen hiru (hirurak okupatuta), enara azpizuriaren 174 (64 okupatuta) eta uhalde enararen bat (okupatuta). Hegazti intsektujaleak dira, eta Aranzadik nabarmendu du izurrien aurka oso eraginkorrak direla; ordea, azaldu dutenez, datu zientifikoek erakusten dute gaur egun populazioak nabarmen murrizten ari direla. Gaineratu dutenez, enara arrunt batek egunean 800 intsektu kontsumitzen ditu, enara azpizuriak 530 eta sorbeltz arruntak 55 kilo urtean. Halaber, nabarmendu dute bisorea “oso interesgarria” izan daitekeela administrazio publikoentzat, fatxadak berritzeko baimenak emateko eta biodibertsitatearen aldeko konpentsazio neurriak aplikatzeko.