Infernuaren aldeko pala txapelketa egingo dute maiatzean

Infernua Bizirik plataformak antolatuta, Ibaetako Infernua auzunearen aldeko hirugarren pala txapelketa egingo dute maiatzeko asteburuetan. “Infernuaren kaleratze arriskua ikusita, Infernuaren aldeko hirugarren pala txapelketa herrikoi ez mixtoa antolatu dugu! Eguneroko errepresioak ez du etenik izan, eta orain, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu berriaren aurkako alegazioak ezeztatu ditu. Sekula baino garrantzitsuagoa da frontoiak ere elkartasunez betetzea”, azaldu du plataformak.
Txapelketan izena emateko epea hilaren 23ra arte egongo da zabalik, eta infernupala@gmail.com helbidera idatzita eman daiteke izena; 15 euro ordaindu behar dira, eta dirua Infernuko erresistentzia kutxan sartuko dute. Bikoteka eman daiteke izena, baina bikoterik ez izanez gero, izena eman daiteke ere, antolatzaileek osatuko baitituzte falta diren bikoteak.
Horrela, izena ematen duten bikoteen arabera osatuko dituzte taldeak, eta talde bakoitzak maiatzeko asteburu batean jokatuko du (teniseko pilotarekin). Larunbatetan izango dira partidak, 10:30ean hasita. Finala maiatzaren 28an izango da, “eta ondoren ondorengoak”.