290.000 erabilera izan ditu Altzako kiroldegiak lehenengo urtean
Altzako udal kiroldegia 2022ko apirilaren 20an ireki zuten, eta urtebeteren ostean, Donostian gehien erabiltzen den bigarren kiroldegia da, Paco Yoldiren atzetik. Lehen urte honetan, Altzako kiroldegiak 290.000 erabilera izan ditu; Bentaberrik baino 20.000 gehiago eta Zuhaiztik baino 70.000 gehiago.
Aurtengo martxoan errekorra hautsi da, 30.000 erabilera baino gehiagorekin. Sarbide guztien %60 auzoko bizilagunek egin dituzte, eta beste %10 Bidebietako eta Pasaiako pertsonek.
Donostia Kirolaren arabera, kiroldegi hau irekitzea izan da pandemiaren aurretik zegoen Kirol txartelaren abonatu kopurua berreskuratzeko arrazoi nagusietako bat. Iazko apirilaren 20az geroztik, Altzako 2.050 herritarrek eman dute alta. Gaur egun, 5.600 Altzako bizilagun baino gehiago daude Kirol Txartelean abonatuta (biztanleen %26), eta Antigua-Bentaberri auzoaren ondoren, Kirol txartelari abonatu gehien ematen dizkion bigarren auzoa da.
Donostia Kirolak antolatutako kirol ikastaroek ere oso harrera ona izan dute, 1.500 parte-hartzaile baino gehiago izan baitira urte osoan zehar egindako ikastaroetan.
Kiroldegi honek dituen hiru kirol pistak ere beteta egon dira lehen urte honetan, 8.500 orduz baino gehiagoz egon baitira Donostiako talde eta klub ezberdinek erreserbatuta. Horien artean, CD Gimnasia Erritmikoa Donostia nabarmentzen da, 1.000 ordu baino gehiago entrenamenduetan eta lehiaketetan eman dituena. Pista hauek erabili dituzten beste klub batzuk Askatuak eta Easo Saskibaloia izan dira. Inguruko ikastetxeak ere (Altza BHI, Herrera eta Oleta) pista horien ohiko erabiltzaileak dira.
Igerilekuei dagokionez, nabarmentzekoa da Waterpolo Donostia klubak egindako erabilera (1.500 ordu baino gehiago erreserbatuta igerilekuan), kirol hau egiteko bereziki prestatutako instalazio batean.