Bost pertsona atxilotu dituzte ustez Realaren eta Erromaren partidaren aurreko istiluetan parte hartzeagatik
Ertzaintzak bost pertsona atxilotu ditu polizia operatibo batean, martxoaren 16an Anoetan jokatutako Realaren eta Erromaren arteko futbol partidaren atarian izandako istiluengatik. 27 eta 41 urte arteko bost atxilotuei desordena publikoak eta kalteak eragitea egotzi diete. Operazioak irekita jarraitzen du, eta ikerketekin jarraitzen dute, inplikatuta dagoen jende gehiago identifikatzeko.
Ertzainek Donostian, Lezon, Arrasaten eta Durangon egin dituzte atxiloketa horiek, desordena publikoen eta kalteen ustezko delituengatik egindako ikerketetan oinarrituta.
Ertzaintzak azaldu duenez, Erromako zaleen autobusak Anoeta ingurura iritsi zirenean, pertsona talde batek “hainbat desordena publiko” eragin zituen: “Objektuak eta bengalak jaurti zituzten Italiako zaleen autobusen eta segurtasuneko polizia dispositiboko Ertzaintzako kideen aurka”. Istiluen une berean, ertzainek hiru gizon atxilotu zituzten (19 urteko bat eta 31 urteko bi), “desordena delitua eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua” egotzita. Atxilotuak ertzain etxera eraman dituzte eginbideekin jarraitzeko, eta, horiek amaitutakoan, Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utziko dituzte.
Bultzada Txuriurdinak “elkartasuna” adierazi die atxilotuei, eta aske uzteko eskatu du.
📢 ELKARTASUNA ATXILOTUEKIN! pic.twitter.com/Qwp4iwoDAX
— Bultzada TxuriUrdina (@BultzadaTX) April 20, 2023
Indarkeriaren aurkako elkarretaratzea
Realeko hainbat jarraitzaile taldek Aitor Zabaletaren omenezko eskulturaren ondoan elkarretaratze isila antolatu du apirilaren 22rako. 18:00etan izango da, Rayo Vallecanoren aurkako partida hasi baino 30 minutu lehenago, zale txuri-urdinek beti errespetuz joka dezaten eskatzeko eta talde batek Erromaren eta beste batzuen aurkako partiden atarian izandako jokabide bortitzak arbuiatzeko. Indarkeriak ez gaitu ordezkatzen lelopean egingo dute elkarretaratzea.