Euskal Herriko ardo ekologikoen eta naturalen azoka egingo dute Miramarren
Biba Ardoak-ek antolatuta, Euskal Herriko hamabost mahasti eta upategi txikietako mahastizainak elkartuko dira Donostiako Miramar jauregian, hilaren 23an eta 24an. Ardo ekologikoak banatzeko kooperatiba bat da Biba Ardoak, eta aurtengoa bigarren aldia da. Iaz Tabakaleran egin zuten azoka, eta arrakasta izan zuenez, berriz egingo dute.Ardoaren kultura berri bat bultzatu nahi dute: bizia, osasuntsua, arduratsua eta herrikoia.
Bi egun horietan mahastizainak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, eta ehun ardo baino gehiago dastatu ahal izango dira. Ardo zuri, gorri eta beltzez gain, klareteak, champenoise eta anzestral metodoko ardoak, eta ardo laranjak egongo dira.
Azokan ardoa ere erosi ahal izango da upategiko prezioan, eta Donibane Lohizuneko Bocata jatetxearen lagun eta bezeroek muntatutako barran ere jan eta edan ahal izango da. Goizeko hamaiketan irekiko dute azoka, eta arratsaldeko seietan itxiko dute. Sarrera bertan erosi daiteke, eta baita aurretik ere.