Gora egin dute Cementos Rezolaren karbono dioxido isurketek
Zubietako erraustegiko kutsadura datuak ere erregistratu dituzte, lehen aldiz.
Europako PRTR enpresa kutsatzaileen erregistroak 2021eko kutsadura datuak argitaratu ditu, eta, oro har, gora egin dute Euskal Herriko datuek, agerian utziz 2020an izandako beherakada pandemiak eragin zuela. Berria egunkariak Euskal Herriko datuei buruzko erreportajea ondu du, eta Donostiako bi enpresaren datuak bildu ditu: Añorgako Cementos Rezolarenak eta Zubietako erraustegiarenak.
Cementos Rezolari dagokionez, karbono dioxidoa (CO2) da gehien isurtzen duen osagai kimikoa, eta 2021ean 2020an baino gehiago isuri zuen: 247.541.000 kilo karbono dioxido isuri zituen atmosferara 2021ean, eta 243.498.000 2020an. Hala ere, aipatu behar da erregistroak daudenetik (2013), erregistratutako karbono dioxido isurketa daturik baxuenak direla, 2020ko datuak kenduta. Karbono monoxidoaren (CO) isurketek ere gora egin dute Cementos Rezolan (727.400,990 kilo 2021ean), eta behera egin dute N2O, NOx eta PM10 osagai kimikoen isurketek zein dioxinenek. Cementos Rezolaren datu guztiak hemen kontsultatu daitezke.
Zubietako erraustegiari dagokionez (Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, GHK), estreinakoz bildu dituzte kutsadura datuak, eta 39.736.272,66 kilo karbono dioxido isuri zituen atmosferara 2021ean. Zabalgarbiko erraustegiarekin (Bizkaia) alderatuta, zortzi aldiz karbono dioxido gutxiago isuri zuen Zubietako azpiegiturak, izaera desberdina baitute bi erraustegiek: Zubietakoak hondakinen erreketaren ondorioz soilik sortzen du karbono dioxidoa, eta Zabalgarbikoak gas naturala ere erretzen du. Zubietako erraustegiaren kutsadura datu guztiak hemen ikus daitezke.