Hamar urte Bulebarreko Aske Gunetik
2013ko apirilean, duela hamar urte, Aske Gunea abiarazi zuten Bulebarrean, Donostiako bederatzi gazte auzipeturi babesa adierazteko. Hamar egun iraun zituen Aske Guneak, eta Ertzaintzak apirilaren 19an atxilotu zituen gazteak, gaurko egunez, duela hamar urte.
Apirilaren 19 hartan, ehunka lagunek herri harresia egin zuten Bulebarrean, eta ertzainek hainbat ordu behar izan zituzten auzipetuengana heldu eta hauek atxilotzeko, herritarrak banan-banan altxatu behar izan baitzituzten lurretik. Hauek ziren kartzela zigorra zuten auzipetuak: Imanol Vicente, Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola eta Ekaitz Ibero. Hamabost ziren Segiko kide izateagatik auzipetuak, baina gainerakoak absolbitu egin zituzten; baita Ekaitz Ibero ere, nahiz eta ustezko kale borroka delituengatik espetxeratzeko agindua zuen. Espainiako Auzitegi Gorenak epaia kaleratu ondoren jarri zuten elkartasun gunea.
Atxiloketen egunean ez ezik, hamar egunez ehunka lagun batu ziren gunean, auzipetuei babesa adierazteko asmoz; tentsioa, urduritasuna, nekea eta ilusioa nabarmentzen zituzten Adur Fernandezek, Aitor Olaizolak eta Oier Lorentek IRUTXULOKO HITZAk 2017an egindako erreportaje batean. “Fustrazio orokortu bat zegoen; hiru urte pasatu ziren ETAk armak utzi zituenetik, oraindik espetxeak beteta zeuden, eta, gainera, atxiloketekin jarraitzen zuten. Ikusi genuen atxiloketak eten ezin bagenituen ere, agintariak estutzeko aukera genuela”, azaldu zuten.
Jarraian, hedabide honek Aske Gunearen inguruan egindako bi bideo: