Energia berriztagarrien eta zentral eolikoen proiektuen inguruko hitzaldia emango dute Uliako Mintegietako Parkean
Antonio Turiel zientzialari eta ikertzaileak Energia berriztagarrien eta zentral eolikoen makro-proiektuak eztabaidagai izeneko hitzaldia emango du maiatzaren 2an Donostian, 17:00etan, Uliako Mintegietako Parkean.
Antonio Turiel, krisi energetikoari eta bere irtenbide faltsuei buruz egiten ari den lan kritiko eta zabaltzaileagatik ezaguna da. Artikulu asko kaleratzeaz eta hitzaldi ugari emateaz gain, Petrocalipsis (2020, Petrokalipsia izenburupean euskaraz ere eskuragarri), Sin energia (2022) eta El otoño de la civilizacion (2022) liburuak argitaratu ditu, eta The Oil Crash bloga zuzentzen du.
Energiaren gaiari dagokionez, ikertzaile zientifiko gisa, “erabat zalantzan” jartzen du gobernuek eta enpresa handiek ezarritako trantsizio energetikoaren eredua, “zeinak energia berriztagarrien ezarpen industrialarekin erregai fosilak ordezkatu nahi dituen”, baliabide finituen munduan “hazkunde” ezinezkoari eusten jarraitzeko eta egungo bizimodu jasanezina indartzen jarraitzeko.
Ildo horretan, energia berriztagarriek berez dituzten mugez ohartarazten du, eta horren ondorioz, energia baliabideen agortzeak nahiz klima aldaketaren aurkako borrokak markatutako egungo egoeran, “sistema ekonomiko kapitalistari eustea ezinezkoa” dela nabarmentzen du. “Energia krisiaren irtenbide bakarra gure energia kontsumoa murriztea da. Ez da munduaren amaiera: mundu harrapari eta suntsitzaile jakin baten amaiera da, eta, funtsean, hobe da holakorik gehiago ez izatea”, nabarmendu du Turielek.
Hitzaldi hau Satorraiala, Haritzalde, Uliako Lore Baratzak eta Ekologistak Martxan taldeek antolatu dute elkarrekin.