Izan Harrera programa garatuko dute laugarrenez
SOS Arrazakeriak aurtengo Izan Harrera programa aurkeztu du ostegun goizean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, eta herritarrak programan parte hartzera animatu ditu. Tokiko pertsonak edo familiak pertsona errefuxiatuen gizarte mentore izatea du helburu programak, pertsona errefuxiatuen harrera eta bidea errazagoa izan dadin eta, bide batez, adiskidetasuna sortu dadin mentoreen eta errefuxiatuen artean. Laugarrenez garatuko dute programa, eta, berritasun gisa, errefuxiatuek ez ezik, pertsona migranteek ere jaso ahalko dute mentoretza hori, prentsaurrekoan azaldu dutenez, “antzeko egoerak bizi ohi dituztelako, errefuxiatuak izan edo ez”.
Honetan datza Izan Harrera programak, SOS Arrazakeriako Silvana Lucianiren hitzetan: “Pertsona errefuxiatu edo migrante bakoitzari, pertsona boluntario bat egokitzen diogu, astean gutxienez hiru ordu pasatuko dituena berarekin, gutxienez zazpi hilabetez, adiskidetasun bat sortzeko, lotura bihurtuko dena eta ongizate psikosozial progresiboa ahalbidetuko duena”. Horrela, nabarmendu du beharrezkoa dela “konpromisoa eta prestasuna”, eta azaldu du mentore izateko izena ematen duten pertsona eta familiekin balorazio elkarrizketak egiten dituztela, baita formakuntza saioak ere. Aurten, programan parte hartuko duten “hamar bikote” –pertsona errefuxiatua edo migrantea eta tokiko mentorea– lortu nahi dituzte, “baina gehiago badira, primeran”, esan du Lucianik. Informazio guztia eta harremanetarako bideak SOS Arrazakeriaren webgunean kontsultatu daitezke.
Jarraian, herritarrak Izan Harrera programan parte hartzera animatzeko abiatu duten kanpainaren bideoa ikus dezakezue, non hainbat bikote parte hartzaile agertzen diren. Pixkanaka, bideo gehiago zabaltzen joango dira, bikote bakoitzean gehiago sakonduz.
Gezurrei aurre egin
Pertsona errefuxiatuek eta migranteek bizi ohi dituzten hainbat egoera deskribatu ditu Lucianik: “Lucas duela lau hilabete etorri zen. Bere ama, Jeicy, bere bila joan zen Hondurasera. 11 urteko haurra bere amonarekin bizi zen, amak duela bost urte ozeanoa gurutzatu behar izan zuenetik, bizitza hobe baten bila. Jennyk atzean utzi zuen Maliko harea. […] Asilo eskaeraren baieztapenaren zain dago oraindik. Dagoeneko esan diote itxaropen handirik ez izateko. Eskaeren %70a baino gehiago ezeztatzen dira. Rashidek ez dauka teilatu baten babesa hotzaren aurrean, 18 urte bete zituenetik […] .Beraren moduko lagunak ditu soilik. Ihesaldi iraunkorrean dauden lagunak […]”.
“Gure bizilagunez ari gara, sistema ekonomiko bidegabe baten biktimak, beraiek ere. Sistema horrek ikusezin bihurtzen ditu, kriminalizatzen ez dituenean, euren delitu bakarra bizitza duin bat bilatzea den emakume, gizon eta haurrak”, azaldu du SOS Arrazakeriakoak. Halaber, “gorroto diskurtsoak” ahalbidetzen dituzten “gezur, aurreiritzi eta zurrumurruei” aurre egiteko beharra nabarmendu du: “Eskuin muturren mezuak elikatzen dituzten gezurrei aurre egitea ezinbesteko behar bat da, gizarte kohesionatuagoak eta intolerantziarik gabekoak nahi baditugu”.
Ildo horretatik, duela hamar urte inguru Urretxindorra programa garatu zutela gogorarazi du, eta “eraginkorra” zela ikusita, 2019an Izan Harrera programa sortzea erabaki zutela azaldu du, Zehar Errefuxiatuekin erakundearekin elkarlanean. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste hainbat eragileren babesa dutela ere nabarmendu du.
Izan Harrera programako boluntariotza “polita eta zorrotza” dela esan du Zehar Errefuxiatuakeko Lide Madinabeitiak, eta oso beharrezkoa dela gaineratu du Lucianik: “Behar den arduraz, kalitatez eta amodioz egiten badugu, Lucas bat gehiago sentituko da eta berriz egingo du irribarre; Jennyk eta bere alabak espazio bat aurkituko dute, eskubideak dituztenaren jakitun; eta, Rashidek indartu egingo du etorkizun posible eta atseginago baterantz joateko erabakia. Eskubideez ari gara. Hemen gauden pertsona guztion eskubideez, eta etortzeke daudenen eskubideez”.
Zehar Errefuxiatuakeko Lide Madinabeitiak gaineratu du horrelako egitasmoen “behar handia” dagoela, besteak beste, “pertsona migranteak normalean euren egoera berean dauden pertsonekin dutelako harremana, eta horrelako programen bidez egunerokotasuneko zirkulutik ateratzen direlako”. Kanpaina diseinatu duen ekoiztetxeko Xabier Vicente ere prentsaurrekoan izan da, eta nabarmendu du zera islatu nahi izan dutela kanpainan: “Hau ez da eguneko ekintza ona, askoz harago doa”.
“Oso aberasgarria da”
Izan Harreraren lehenengo urtean mentore gisa parte hartu zuen Iñaki Olaetxeak eta gaur egun mentore gisa dabilen Alberto Ariñok ere hartu dute hitza, euren esperientzien berri emateko. Biek ideia bat nabarmendu dute, Izan Harrera programaren kanpainaren mezuarekin bat egiten duena: “Ez gara hain desberdinak”. “Zeintzuk dira gure helburuak? Lasai bizitzea, gure seme-alabak ondo egotea… denok ditugu helburu berberak”, gaineratu du Olaetxeak.
Halaber, biek nabarmendu dute “oso aberasgarria” dela. “Oso esperientzia erraza, polita eta aberasgarria izaten ari da, eta oso gustura nago, beste kultura bateko pertsona bat ezagutzeko aukera ederra delako. Astean behin elkartzen gara, eta batzuetan kafea hartzen dugu, beste batzuetan mendira joaten gara, frontoira, eta abar. Luxu bat da, eta mundu guztia animatzen dut parte hartzera”, azaldu du Ariñok.