Jhumpa Lahiri idazlea izango da Literaktum Topaketetako lehenengo gonbidatua
Jatorri indiarreko idazle estatubatuar ezaguna izango da 2023ko lehen Literaktum Topaketen protagonista. Jhumpa Lahiri apirilaren 13n argitaratu berri den Cuentos romanos (Lumen, 2023) liburu berriaz eta bere ibilbide literarioaz arituko da Iban Zalduarekin. Hitzordua Okendo Kultur Etxean izango da apirilaren 26an, 19:00etan. Sarrera librea izango du aretoa bete arte eta aldibereko itzulpen zerbitzua izango da. Literaktum Topaketetan Najat El Hachmi, Leonardo Padura, Petros Markaris eta Selva Almada izan dira gonbidatuak 2019 urteaz geroztik.
Jhumpa Lahiri 1967an jaio zen Erresuma Batuan, eta haurtzaroa eta gaztaroa Ameriketako Estatu Batuetan igaro zituen. Ezaguna da, besteak beste, kritikak eta publikoak goraipatu zituzten bi kontakizun libururen egilea delako. Lehen argitalpenarekin, El intérprete del dolor (1999), kontakizun laburren bilduma bat, Pulitzer, Henry Award O. eta PEN/Hemingway Award sariak irabazi zituen. Tierra deshabituada (2008), kontakizun laburren beste lan bat, 2008ko Libururik Onena izendatu zuen The New York Times egunkariak, eta Frank O. Connor, Asian American Literary Award eta Gregor von Rezzori sariak jaso zituen.
Halaber, El buen nombre (2003), La hondonada (2013) eta Donde me encuentro (Lumen,2018) eleberriak argitaratu ditu, baita En otras palabras (2015) liburuan bildutako saiakerak eta Lumenen katalogoan laster agertuko den El cuaderno de Nerina poema liburua ere.
2012an AEBetako Arteen eta Letren Akademian sartu zen, 2015ean Humanitateen Domina Nazionala eta Guggenheim Beka jaso zituen, eta 2017an PEN/Malamud Award saria jaso zuen. Domenico Starnoneren Ataduras eta Scherzetto eleberriak ingelesera itzuli ditu. Cuentos romanos (Lumen, apirila 2023) lanarekin kontakizunaren generora itzuli da Jhumpa Lahiri.