Osasun publikoaren aldeko manifestazioarekin bat egiteko elkartu dira
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzako langileek hainbat protesta egin dituzte gaur goizean. Esaterako, Donostiako ospitalean elkarretaratzea egin dute, Berria egunkariak jaso duen moduan. Larunbateko manifestazioetara joateko deia zabaldu dute. Sektoreko mahaira joateko eskariari erantzun ez izana leporatu diote Osasun Sailari.
Salatu dute osasun publikoaren arazoak “egiturazkoak” direla eta berehalako “konponbide sakonak” behar dituztela, “osasun publikoa benetako lehentasun bilakatzeko”. Sindikatuek ohartarazi dutenez, agerian geratzen ari da Osakidetzaren egoera “larria”, bereziki lehen arretan. “Argi dago Osakidetzak ez duela beste planik, murrizketak aplikatzen eta langileak estutzen jarraitzea baino”. Gogora ekarri dute mahai sektorialeko sindikatuek maiatzaren 18rako eta 19rako grebara deitu dutela “egoeraren larritasuna”, mahaiaren “blokeoa” eta Osasun Sailak “konponbiderik” aurkeztu ez izana salatzeko.