Urbieta kaleko sute lazgarria
1893ko martxoaren 18tik 19rako gauean sugar handi bat piztu zen Urbieta kaleko seigarren eraikinean. Ezin izan zuten sugar hori kontrolatu, eta sutearen ondorioz, 25 lagunek galdu zuten bizia. Gerretatik kanpo, hiriak bizi izan duen ezbeharrik handienetzat hartzen da.
Polloeko hilerrian Donostian bake garaian izandako tragedia handienaren biktimei eskainitako monumentu bat dago. Diru bilketa herrikoi baten bidez ordaindua izan zen, eta Francisco Egurenen tailer marmolistan egin zen. Monumentuan, honako esaldia irakur daiteke: Urbieta kaleko sutearen biktimak. 1893.
Dena 1893ko martxoaren 18tik 19rako gauean gertatu zen, Benito Odriozola industrialaria bere dendako upategian lanean ari zenean, Urbieta kaleko sei zenbakia duen eraikinean. Dendan drogeriako materiala, gozoak eta bestelako askotariko elikagaiak eta edari alkoholdunak izaten zituen. Merkantzia horietako batzuk egur labearekin eta gas argiztapenarekin batera izateak ez zion mesederik egin, ordea, eta gau hartan, sugar handi bat piztu zen dendan. Garaiko kroniken arabera, Odriozolak berak itzali nahi izan zuen, oraindik “menderagarria” zirudienean.
Hala ere,ezin izan zuen eragotzi etxe osoan eta aldameneko etxebizitzetan sutea azkar zabaltzea, lau eta zortzi zenbakia duten etxeetan, hain zuzen ere.
Suhiltzaileak iritsi zirenean, zorigaiztoko paradoxa batekin egin zuten topo: hiri eraiki berriaren alde horretan ur hargune berri batzuk jarri zituzten, modernoagoak, baina suhiltzaileei akople berezi bat eginarazten zieten. Bitartean, sutea zabaltzen joan zen eta eraikin horiek suntsitu egin ziren azkenean.
25 hildako
Garaiko kronikek diotenez, lehenengo hildakoa sei hilabeteko ume bat izan zen, lo zegoena, eta bere gurasoak, lanbidez harakinak, hiltegian ari ziren lanean. Guztira, 25 pertsona hil ziren, suteak harrapatutako hiru eraikinetan. Biktima gehien izan zituen etxebizitza laugarrena izan zen.