Norteko geltokiko oinezkoentzako behin-behineko pasabideari estalkia jarri diote
Erabiltzaileen eskaerari erantzunez, Eusko Trenbide Sareak estalkia jarri dio pasabideari. Egia eta Erdialdea lotzen dituen Atotxako geltokiko trenbideen gaineko pasabidea 2021eko urrian ireki zuten. Geroztik, sarbide berriak lurrazpiko pasabidea ordezkatu du.
AHTaren geltokiko lanekin aurrera jarraitzeko eraiki zuten goiko pasabidea. 51,2 metroko luzera eta 3 metro zabalera du. Pasabidearen Egiako sarbidea Blas de Otero plazaren ondoan dagoen trenbide plataformaren ertzean dago. Aldiz, Erdialdeko sarbidea Frantzia pasealekuaren 21. zenbakian, Terminus hotelaren ondoan. Bi sarbideetan eskailerak eta igogailua daude –Egian 5,6 metroko desnibela gainditzen du eta Erdialdean 7,3 metrokoa–.
Tabakalera aldean behin-behineko geltokia eraiki dute, eta hori da egun erabilgarri dagoena. Atotxako geltokia birmoldatzeko lanak bukatzean, Egiako azpiko pasabidea handituko da, eta ohiko sarearen eta abiadura handiko nasetara sartzeko atari berrien arteko lotura egingo dute.