"Salbuespenak araua izateari utzi behar dio"
Antiguako Sarek antolatuta, euskal presoen eskubideen aldeko Etxera Eguna egiten ari dira gaur Gaskonia plazan. Iragarri dute hilaren 29an gradu erregresioaren aurkako agerraldi bat egingo dutela Artzain Onaren plazan.
Denen ahaleginari esker eta gizartearen etengabeko aktibazioari esker, “35 urte luzez hainbeste sufrimendu eragin duen urruntze politika” amaitu egin dela adierazi dute gaur Antiguako Sareko kideek. Halere, aurrerapausoak lortu diren arren, euskal presoen eta haien senideek oraindik eskubide urraketak jasaten dituztela salatu dute, eta urraketa horiekin bukatzeko oraindik bide luzea geratzen dela.
Bide hori elkarrekin egitera deitu dituzte herritarrak: “Bide hau, gaur egin dugun moduan, elkarrekin egingo dugu. Hori izan da honaino ekarri gaituena, elkarrekin kalean, aktibo, lanean aritzea. Eta bide horretan jarraitu asmo dugu salbuespen neurri guztiak bertan behera geratu arte”.
Presoen euskal herriratzea prozesu honen lehen etapa izan dela uste dute, oraindik euskal presoen gehiengoari ukatu egiten baitzaie espetxe-politika arruntaren aplikazioa: “besteak beste, auzotarrak ditugun Asier Arzallusi eta Marixol Iparragirreri. Salbuespenak araua izateari utzi behar dio; graduen progresioa, irteera baimenak, larriki gaixo diren presoen etxeratzeak, gurasotasun eta familia eskubideak… bide horretan aurrera eginez jarraitu beharra dugu”.
Gaurko manifestazioan dei egin dute apirilaren 29an Artzain Onaren plazan (11:30) gradu erregresioaren aurka egingo duten agerraldi jendetsuan parte hartzera, “salbuespen neurriekin amaitzeko unea dela ozen adierazteko”.
Hainbat eragilek egin dute bat gaurko mobilizazioarekin: Antiguotarrak dantza taldeak, jai batzordeak, Antigua Futsal taldeak, AntiguaOtarrak kontsumo taldeak, AEK-ko irakasleek, Ehun plataformak, Dokak, Ernaik, LABek, Sortuk, EH Bilduk, Platero mendi taldeak eta Loretope konpartsak.