200 ikertzaile inguruk parte hartuko dute Ikergazte kongresuan
155 artikulu zientifiko aurkeztuko dira eta antolatzaileek ekitaldi arrakastatsua izango dela aurreikusten dute.
Udako Euskal Unibertsitateak maiatzaren 17an, 18an eta 19an Donostiako Kursaalean egingo du bosgarren Ikergazte kongresua. 200 ikertzaile inguruko parte hartuko dute elkar ezagutu eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko helburuarekin. UEUk askotariko egitaraua antolatu du: nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai inguruak, aurkezpenak eta jarduera ludikoak. Egitaraua osorik helbide honetan ikus daiteke.
“50 urteko ibilbidean, UEUren helburu garrantzitsuenetako betidanik izan da euskal komunitate zientifiko intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikerlariak hain sakabanatuta egonda”, azaldu du Aitor Bengoetxeak UEUko zuzendariak.
Gaur egun ikertzaile euskaldunak inoiz baino gehiago direla dio Bengoetxeak, eta beraien arteko eta lanen ezagutza bideratzeko asmoz antolatu zuen UEUk 2015ean lehenengo Ikergazte kongresua, Durangon. Bigarrena, berriz, 2017an egin zuten Iruñean, hirugarrena Baionan 2019an eta duela bi urte laugarrena Gasteizen. “Edizio bakoitzean 200 ikertzailek parte hartu dute, eta argi geratu zen horrelako foro bat beharrezkoa zela. Ikertzaile gazteei erakusleiho bat ematea, elkar ezagutzea eta euskarazko produkzio zientifikoa areagotzea dira Ikergazteren helburuak, eta aurten ere, bosgarren edizio honetan ziur gaude helburuak beteko ditugula”, nabarmendu du Bengoetxeak.