Emusik jaialdiak hartuko du plaza maiatzaren 4tik 7ra bitartean
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak iazko esperientzia arrakastatsua errepikatuko du. Maiatzaren 4tik 7ra bitartean, Egiako Blas de Otero plaza hartuko dute Emusik musika eta dantza jaialdia egiteko. Eskolaren lana eta jardueren erakusleihoa izango da aurtengoa. Lau egunetan 500 ikasle baino gehiago igoko dira agertokira. Doakoa eta edukierarik gabekoa izango da.
Musika ikasleek ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsiko dute. Guztira, 22 taldek parte hartuko dute, bandak, abesbatzak, orkestrak, comboak eta big bandak tarteko. Eskolako Irakasleen Taldeak emanaldi berezia eskainiko du maiatzaren 6an (20:30), egun horretako kontzertu sortari bukaera emanez. Maiatzaren 7an, berriz, jaialdiari bukaera emateko dantza ikasleek ikasturtean zehar landutako emanaldi sorta eskainiko dute eguerdi partean.
Gonbidatu bereziak
Donostia Europako Musikari Gazteen Jaialdiaren anfitrioi izan zen 2016 urtean. Harrezkeroztik Eskolak urtero antolatu ditu Emusik emanaldiak, eskolatik kanpoko taldeak gonbidatuz guztientzako musika eta dantza gunea sortuz. Aurtengo Emusik jaialdian hainbat gonbidatu berezik parte hartuko dute. Hala nola 12 urtetik gorako ikasleez osaturiko Esplugues de Llobregateko Banda Gazteak, Tolosa Musika Eskolako hari ikasleak eta Hondarribiko Eskifaia Txiki abesbatzak.
Instrumentuen erakusketa
Eskolak lehen aldiz ikasleak direnei zuzendutako instrumentuen erakusketa antolatu du. Aukera paregabea izango da aurtengoa. Eskolak eskaintzen dituen instrumentu guztiak egongo dira ikusgai eta espezialitate bakoitzeko Eskolako irakasleek honako instrumentuen azalpenak emango dituzte: oboea, fagota, klarinetea, tronpa, tuba, biolontxeloa, kontrabaxua, biolina, biola, txistua eta flauta eztia. Eskolak ikasleak diren 7 urteko gaztetxoak gonbidatu nahi ditu erakusketara datorren ikasturtean zein instrumentu ikasten hasi nahi duten erabakitzen laguntzeko edo ikasi nahi duten instrumentua gertutik ezagutu ahal izateko eta galderak argitzeko.
Egitaraua
Maiatzak 4, osteguna
- 17:00-17:30: Txistu Taldea.
- 17:30-18:00: Saxo Ensemblea.
- 18:00-18:30: Batukada Plus 55 + Atzegiko ikasleak.
- 18:30-19:00: Klarinete Ensemble Txiki.
- 19:00-19:30: Klarinete Ensemble Gazte.
- 19:30-20:00: Atotxako Flautistak.
- 20:00-20:30: Gitarra Taldea + Abesbatza.
- 20:30-21:15: Trikitia.
Maiatzak 5, ostirala
- 17:00-17:30: Simon Ezquiaga (Pauso Berriak).
- 17:30-18:00: Banda Txiki.
- 18:00-18:30: Espluband (Banda Jove de Esplugues De Llobregat).
- 18:30-19:00: Banda Gazte.
- 19:00-19:30: Banda Heldu.
- 19:30-20:00: Abesbatza Txiki + Eskifaia Txiki.
- 20:00-20:45: Big Band III.
- 20:45-21:30: Big Band IV.
Maiatzak 6, larunbata
- 11:00-12:30: Instrumentuen erakusketa (Atotxako egoitzan).
- 17:00-17:30: I.mailako ikasle eta familiak.
- 17:30-18:00: Perkusio Taldea.
- 18:00-18:30: Orkestra Txiki + Tolosa Musika Eskola.
- 18:30-19:00: Orkestra Gazte.
- 19:00-19:30: Txaranga Plus.
- 19:30-20:00: Atotxako Comboak.
- 20:00-20:30: Herrerako Comboak.
- 20:30-21:30: Irakasleen Taldea.
Maiatzak 7, igandea
- 12:15-14:00: Dantza ikasleen emanaldi sorta.