Euskaraz elkarrekin irakurtzeko taldea
Koldo Mitxelena Kulturuneko Irakurketa Erraza taldea maiatzaren 4an hasiko da elkartzen. Cira Cresporen 'Euskal Herriko 40 emakume' liburua irakurriko dute.
Euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez dutenei edo euskara ikasten ari direnei aukera bat eman nahi die Koldo Mitxelenako Irakurketa Erraza taldeak. 2016an sortu zuten egitasmoa Koldo Mitxelenako liburutegian, eta geroztik, hainbat lagun animatu dira taldean elkartzera eta euskaraz irakurtzera. Aurten maiatzaren 4an elkartuko dira lehen aldiz, eta Cira Cresporen Euskal Herriko 40 emakume. Egon ginen, izan ginen liburua irakurriko dute.
Taldea elkartuko den saioetan irakurriko dute liburua, eta irakurgaiaren inguruan ere jardungo dira. Astero bilduko dira ekainaren 8a bitarte, eta dinamika desberdinen bidez liburuaren edukia landuko dute, hobeto ulertu dezaten. Taldea irekia da, eta askotariko pertsonen parte hartzea bultzatu nahi dute. Ostegunero bilduko dira Koldo Mitxelenako liburutegian, 10:00etatik 11:00etara.
Cresporen liburuan hainbat emakumeren historia biltzen da (kazetariak, argazkilariak, sukaldariak, bertsolariak…) , eta liburua irakurketa errazaren moduan planteatuta dago, idazlearen helburuetako bat ere euskarazko irakurketa bultzatzea izan delako.
Taldean parte hartzeko izena eman behar da maiatzaren 4a baino lehen kmliburutegia@gipuzkoa.eus helbidean edo 943 11 27 60 telefono zenbakian.