Izagirre: "Donostia eremu tentsionatu deklaratuko dugu hiri osoan alokairuaren prezioa arautzeko"
EH Bilduk etxebizitzari buruzko solasaldia egin zuen larunbatean Kursaalean, eta Juan Karlos Izagirre alkategaiak promesa argi bat egin zuen: “Donostia eremu tentsionatu deklaratuko dugu hiri osoan alokairuaren prezioa arautzeko”. Espainiako Gobernuak EH Bildurekin eta ERCrekin berriki adostutako Etxebizitza Legearen harira egin zuten solasaldia, eta Izagirrerekin batera, koalizio abertzalearen Espainiako Kongresuko diputatu Mertxe Aizpuruak hartu zuen parte.
Lege horren arabera, beste aldaketa batzuez gain, tentsio handiko eremu izendatzen diren guneetan etxejabeek %2 igo ahalko dute alokairua 2023an, eta %3 2024an. Horrela, EH Bilduk hiri guztia izendatu nahi du tentsio handiko eremu: “Nire konpromisoa da hiri osoa eremu tentsionatu izendatzea. EH Bildu da honen berme bakarra. Eta hiri osoaz ari naiz, ez dago aitzakiarik hiri osoa ez izendatzeko”, azaldu zuen Izagirrek, eta Eneko Goia alkatea interpelatu zuen: “Zer egingo du Eneko Goiak EH Bilduk hiri osoa tentsionatu deklaratzea planteatzen duenean? Zer bozkatuko du: bai ala ez?”.
Ildo beretik, Izagirrek nabarmendu zuen “mundu guztia jakitun” dela neurri horiek ezarri diren lekuetan “onurak” izan direla, eta Bartzelonako alokairuaren prezioen jaitsierak gogorarazi zituen. “Nik argi daukat hau dela hartuko dudan lehenengo neurrietako bat. Donostiarrek Donostian dauzkagun erronkei helduko dien Udal Gobernua behar dute, aitzakiarik gabe”, gehitu zuen.