Jaien aldeko Sagardo Eguna egin dute Altzan
Altzako San Martzial jaiak ekainaren 29tik uztailaren 2ra egingo dituzte, eta festei bultzada bat emateko dirua biltzen ari dira jai batzordekoak. Joan den astean futbolin txapelketa bat egin zuten, eta igandean Udaberriko Sagardo Eguna egin zuten San Martzial plazan.
Jende andana joan zen sagardoa dastatzera (Petritegi, Lizeaga, Eula, Altzueta eta Akarregiko sagardoak izan ziren aukeran), eta giro ederraz gozatu zuten arratsaldean, Donostiako Musika Eskolako trikitilariek girotutako festan.
Jaien aldeko kamiseta batzuk ere salgai jarri zituzten atzo. Altza gure Saltsan izeneko gazte kuadrilla bat indartsu dabil, eta kamisetak egin dituzte. Bildutako dirua jaietara bideratuko dute.
Hurrengo asteetan ere jarduera gehiago egingo dituzte jaietarako dirua biltzeko eta Altzan giroa pizteko. Bertso poteo bat eta pala txapelketa bat egingo dituzte aurrerago.