"Donostiarrekin eta donostiarrentzat" gobernatuko duen alkatetza proposatu du Marisol Garmendiak
Marisol Garmendiak, Donostiako alkatetzarako PSE-EEren hautagaiak, “lidergo aldaketa bat” proposatu die hiritarrei maiatzaren 28ko udal hauteskundeen harira. Garmendiaren iritziz, “gero eta gehiago” dira Goiaren lidergoarekin “kontentu” ez dauden donostiarrak, “entzuten ez duen lidergoa, lidergo grisa, eta hiri anbiziorik ez duena” delako. Cafe Botanica kafetegian kazetariekin egindako gosari informatibo batean egin ditu deklarazio horiek PSE-EEren hautagaiak.
Garmendiaren hautagaitzak “alderantzizko lidergoa” proposatzen duela jakinarazi du: “Lidergo berri bat izango da, lehenengo emakume alkatea edukiko duena, Donostiarako eta donostiarrentzat. Donostiarrei entzuten dien lidergoa izango da, donostiarrekiko gertukoa, eta haiekin hiriko erronkei aurre egingo diena, hiri anbizioarekin eta lidergo berriarekin”.
Donostia “liberala, irekia, plurala eta anitza” aldarrikatu du Garmendiak, haren iritziz, horiek baitira Donostiako sozialisten DNAn dauden baloreak. “Goiaren lidergoarekin galtzen joan den donostiartasuna berreskuratu nahi dugu”, nabarmendu du. Zentzu horretan, Donostiak “beti” izan dituen lidergo kulturala, kirol arloko lidergoa eta politika berritzaileen lidergoa berreskuratu nahi dituela azaldu du. Aldaketa horiek “donostiarren eskura” daudela azaldu du.
Aldaketa horiek errealitate bihurtzeko, PSE-EEk hamar proposamen ditu esku artean:
Alde batetik, gauzak egiteko eta gobernatzeko modu berri bat proposatu du: “hiritarrei entzuten eta haiei ahotsa ematen”. Era berean, akatsak onartzen dituen lidergoa izan nahi du, eta akats horiek zuzentzen dituena: “Zentzu horretan, Donostian hainbeste arazo eragiten ari diren zirkulazio aldaketak indarrik gabe uztea proposatzen dugu. Beharrezkoa da aldaketa horiek birpentsatzea, bizilagunekin, merkatariekin eta garraio publikoko operadoreekin adostuz. Trafikoaz, garraio publikoaz eta taxiez hitz egingo duen Mugikortasun Plan adostu bat behar dugu”.
Horrez gain, hirilo “eremu kritikoetan” segurtasuna indartu nahi du, “auzoetan Ertzaintzaren eta munizipalen patruilak jarriz, bideozaintza planak aplikatuz eta argiztapena hobetuz”.
Etxebizitza arazoari aurre egiteko, hurrengo 10 urteetarako 6.000 etxebizitza eraiki nahi ditu Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, “gazteen beharrei erantzuteko”. “Donostiak hiri gazteagoa izateko beharra du, eta gure seme-alabei ondo ordaindutako lan eskaintzak eman behar dizkiegu. Alokairu publikoek prezio eskuragarriak izan behar dituzte, gazteek beraien lan proiektuak beraien auzoetan eta hirian garatu ditzaten. Hori ez da luxu edo pribilegio bat, Goiak esan zuen bezala. Hori guretzat proiektu estrategiko bat izango da, gazteak gabe Donostiak ez duelako etorkizunik”, azaldu du Garmendiak. Bestalde, “tentsio eremuetan” alokairuen prezioari mugak jarri nahi dizkiete, “epe laburrean etxebizitza eskuratzeko baldintzak hobetzeko”.
Kirol arloari dagokionez, Realarekin akordio bat lortu nahi du alderdiak, Reale Arenako jabetza lagatzeko eta Anoetako kirol hiriko instalazioak berritzeko lortutako baliabideak erabiltzeko. Era berean, Illunbe “erabilera anitzeko eremu” bihurtu nahi dute, “Donostia berriro ere erreferente izateko kirol eta kultur ekitaldi handietan”. Adibide gisa jarri du Bera Berak Erreginaren zazpigarren Kopa eskuratu izana, eta 2024an Illunbek Erreginaren Kopa hartzea nahi dute, “Bera Berak merezi dituen instalazioekin”.
Horrez gain, Donostiaren posizionamendua indartu nahi dute Zientzia eta Teknologiaren hiri erreferente gisa, “gazteentzako enplegu kualifikatua eta kalitatezkoa” sortzeari begira.
Loiolako hirigintza planei eta Easoren zabalguneari dagokionez, “hiri berdeago bat” eraiki nahi dute, “ez soilik etxeak dituen hiri bat”. Eta azkenik, zaintzaren esparruan Donostialdeko ESIarekin eta Onkologikoarekin konprometituta dagoen udala eskaini nahi dute, zaintza arloan ere Donostia “erreferente” izan dadin.